BILATU

lunes, 14 de marzo de 2011

GOZATZEKO LANABESA DA INTERNET


Interneteko mundua aldatzen doa etengabe. Ozeanorik handiena balitz bezala, bere uren bizitasunak era askotako mugimenduak eragiten ditu han eta hemen, eta egun garen bi mila milioi baino gehiago erabiltzailek sekulako indarrak sorrarazten ditugu, gero eta konplikatuagoa delarik masa itxuragabearen hurrengo urratsa zein izango den asmatzea.

Urruti geratzen dira Interneteko hastapenak eta ez, hain zuzen denboran baizik eta jatorriko planteamenduetan. Atzo balio zezakeena gaur logikatik kanpo egon daiteke, aplikagarritasunik gabe. Gogoratzen dut Kazetaritza Digitalaren gaineko Internet bidezko ikastaro batean ikasgai bat emateraino ausartu nintzela, 1998 inguruan, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioan. Hasten (eta hazten) ari ginen eta aitzindariek beti dute abantaila lurralde berriak eskuratzeko orduan. Gaur ez nintzateke gai izango, ozeano zabal horretan galdu egingo bainintzateke.

Zer gertatzen ari da Internet? Nola erreakzionatzen dute internautek hainbeste informazio-uhinen aurrean? Gauza al gara eskaintzen zaiguna liseritzeko? Gaiari buruz gero eta gutxiago dakidala da dakidan bakarra, izan ere espazio birtualean zenbat eta urrunago joan gero eta zabalagoak bihurtzen zaizkigu osotasunaren mugak, eta infinitoaren kontzeptua ulergarriagoa egiten dela esan liteke, infinitoa ulertzea ezina dela ez bageneki.

Internet, gainera, izen eta abizeneko pertsonengatik dago osatua eta horiek –hau da, gu guztiok- iragar ezinak gara gure erreakzio eta motibazioetan. Gure ordenadorearen pantailaren atzean parapeteatzen gara eta bertatik zuzentzen ditugu gure ekintzak, akzioko kasuetan, izan ere gerta daiteke mundu birtualean ikusle soil bezala aritzea, interaktibitaterik gabe. Eta ez da internauten kopuru txikia, bakar-bakarrik hartzaile gisa konektatzen direnak, ezelako bizitza-pultsurik apropos azaltzen ez dutenak. Eta erabat logiko eta zilegitzat hartu behar dugu jarrera hori.

Adiskide talde batek fotolog bat konpartitzen dugu, aintzinako erretratoekin. Berrogeita hamar bat kide gara, eta teorian denok jasotzen dugu erregulartasunez bidalitako argazkiaren gaineko informazioa. Hilabetetan heren batek gutxi gora behera azaldu du keinuren bat, argazkia jaso duela adieraziz eta fotologerako komentarioren bat gehituz. Besteek? Fotologa kudeatzen duenak eskari zuzen bat bidali berri die berrogeita hamarrei, arren mezua iristen ote zaien adieraz dezaten. Emaitza: hiru laurdenak erantzun du. Beraz, hogeita bost lagun hartzailerengan ez du Internetetik jasotakok erreakziorik sorrarazi, estatistikarako mesedearen eske atean jo zaion bitartean. Kolektibo zabala, beraz, fotologean pasibotasunetik ari dena. Berriro azpimarratzen dut: guztiz ulergarria. Eta erantzun gabe geratu den beste herenari, ez al zaio ezer heltzen? Izan daiteke helbide elektronikoa beste bat delako edo, sinpleki, mutu jarraitzea nahiago dutelako. Horien isiltasuna ere erabat justifikatua dago.

Gozatzeko lanabesa da Internet.

2 comentarios:

  1. ez naiz zuen ikaskide izan....baina hor nauzue zerbait ikasi baldin badezaket..

    eta testu hauek irakurtzeko esperoan izaten naiz beti.
    hori da polita. irakurriz, gozatzea.

    aspaldian galdu dut sareko "lagunenganako" adiskidetasun hori. konturatu bait naiz....

    1. denbora galtzen dudala, probetxugarria den beste zeozertan egon beharrean

    2. oso gutxik. berriz diot: inork kasik, ez duelako irakurtzen zer idazten dudan...
    nahiz eta pertsona bakarrak irakurtzen badu, beterik geratzen naizen.

    orain ez asko egin nuen proba.

    argazki baten azpian, testu bat idatzi nuen. taldearentzako opari bat irabazi genuela azalduz.

    denok klikatu zuten argazkiaren "atsegin dut" koadroan. eta inork ez zuen erantzun...
    lehen idatzi zuenak, ZER MODUZ JOAN DA ASTEBURUA ? galdetu zidan.

    ordutik, blogean idazten ditut testuak. badakidalako honen atzean "norbait" dela....


    ASTEARTE ON TXEMA !

    ResponderEliminar
  2. Hala da, bai; norbera gozatzeko tresna dugu Internet, eta ez dugu pentsatu behar, modu pertsonalean lortzen ez dugun giza-berotasuna inondik ere aurkituko dugunik Interneten. Ezin daitezke giza-harreman zuzenak ordezkatu. Bistan dago, bere adiskidantza-dorrea sarearen bidez bakarrik eraiki nahi duenak porrota jasoko duela. Internet ikaragarri aberatsa da, baina ez gara berak eman dezakeen guztiaz enamoratu behar. Engainatuko gaitu-eta, horretan ere trebea baita.
    Izan zintzo!

    ResponderEliminar