BILATU

urtarrila 25, 2021

KOLTXOIAN GORDETA

 


Batzuek diotenez Carpe diem klasikoak bidea ireki zion garapenari, kontserbadore ez izateak zeruertz berriak ahalbidetzen baititu. Agian hortik joanda uler genezake lau talentuak lurperatu zituenarentzako zigorra predikatzen duen alegi biblikoa, haiekin arriskatzen zuenarentzat saria ematen zen bitartean. Hain zuzen, kristautasunaren gaineko nire ezagutza mugatuan betidanik ulertezina gertatu zaidan parabola da talentuetakoa, lapurretarekin alderatu baitut beti diruaren bidezko aberasketa. Baina Jainkoaren bideak ulertezinak ei dira, Bibliak berak azaltzen duenez.

Sarrera hori, eguneko bankuen bezeroekiko praktika basatiak talentuen kontuarekin duen parekotasunaren harira zetorren. Diruak kontu korrontean sartuta edukitzeak historikoki irabazi handirik eman ez badu ere orain komisio negatiboa aplikatzen du, eta oinezko gizajoak dirua gordeta edukitzeagatik ordaintzen du. Eta horrek behartzen du, dirua koltxoian pilatuta edukitzera edo gaur bihar baino hobeto kanpainako inbertsio zalantzagarria egitera, sosen jarioa geldi ez dadin. Baina bigarren aukera horrek bere aldetik behartzen zaitu esperantza etorkizunean edukitzera, berez - gauzak dauden bezala egonda- oso-oso konplikatua dena. Inbertsioen berezko zalantza mugagabeari orain munduko merkatu berriaren arauak gehitzen zaizkio. 

Eta gainera, ikusitakoa ikusita, nola arraio edukiko dut itxaropena geroan jarrita, baldin eta bidean, halabeharrez, bankuren baten itzalpean aritu behar badut? Klasikoetara jo gabe ere, jakin badakigu the bank always wins. Bada, hori, koltxoia prestatzeko gogoa daukat.

 


 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina