BILATU

lunes, 11 de junio de 2018

SOKRATES BERRIA IZANGO AL DA SANCHEZ?

Izan al zen inoiz Sokrates? Batzuek diotenez Platonen inbento zoragarria da, hain zuzen bere elkarrizketei behar bezalako testuingurua emateko asmoz sortua. Beste askok, aldiz, gorputz eta arima jartzen diote,  horren egiatasuna sekula frogatu ezin izan duten arren. Gauza da sokratikoak dialektikaren maisuak direla informazioaren baitan dauden ideia eta kontzeptuen bila aritzeko. Horregatik ere filosofia moralaren aitatzat daukagu Sokrates, egiazko pertsonaia edo fikziozkoa bada ere.

Pedro Sanchezek La Moncloako atearen eskutokia bereganatu duenean, niri behintzat presenteagoak egin zaizkit duela urtebete bat inguru sozialisten ideia berriak aldarrikatuz euren kongresurako deia egin zeneko lehentasunak. Besteak beste, Sanchezen memorandumean irakurtzen zen  kontzepzio politikoari sinesgarritasuna falta zaiola  iharduna mugatuko duen espazio moraleko baliorik gabe, berdintasun, askatasun eta solidaritatearen zutabe nagusi eta ezinbestekoen barruan.

Irakurri dut berriro sozialisten txosten hura eta konturatu naiz, kongresuan aliatu dituen indar politiko batzuen balioak ez direla ezta aipatu ere egiten. Ariketa konplikatua du, beraz, Sanchezek espazio moraleko puzzlean guztion ideiei toki ematen. Alde batetik eta bestetik indar negatiboak hel dakizkioke, eta arrisku bizia du bere burua balizko sokrate berria bilakatzeko. Hurrengo belaunaldiek galde lezakete: izan al zen inoiz Sanchez? Ez al zen PPren inbento miragarri bat izango? PSOEkrates berria?

No hay comentarios:

Publicar un comentario