BILATU

lunes, 4 de junio de 2018

PUNTUAK ETA UNEAK


Aitorpen batekin ekiten diot idazkiñoari: txundi nazaketen eragileak gero eta gutxiago diren uneetan bizi naiz. Areago, oso bakanak dira benetan kezkatzen nauten gauzak. Bizkarrean daramadan eskarmentu-motxila gainezka egitear dago eta bizitzari eszeptizismoaren talaiatik begiratzen diot. Horrek badu bere alde ona: ezer gutxik kentzen dit lo egiteko gogoa. 

Erlatibizatzeko ohiturak toki hartu du indarrez nire baitan eta horrek, gutxienez, osasun psikikoa babesten didala frogatu dit. Ondo gogoratzen ditut era askotako gai puntualek sutan jartzen ninduten egunak. Roucoren aldarrikapen ortodoxoa, Arzallusen ostikoa euskaldunek aza jan nahi ote genuen galdezka, GALen inbentoreak kalean libre ikustea, Kuwaiteko desenbarku telebisatua, industriaren desmantelamendu itogarria, iragarritako prentsaurrekora  kazetaririk ez agertzea, kaleratzear zegoen liburua argitaletxeak zurekin hitz egin gabe atzeratzea... eta abar.

Eszeptizismoak ahalbideturiko erlatibotasunetik espazio zabala irabazarazi dit, non eta soseguan. Geometrian irakatsi ziguten puntuak ez duela dimentsiorik. Uneak -instanteak- ez duen moduan. Ez dira, beraz, neurgarriak. Eta pentsatzen ari naiz bizitza ez ote den ibilbide geometrikoaren une puntualetako soka.

Argazkia: JMVM

No hay comentarios:

Publicar un comentario