BILATU

lunes, 27 de marzo de 2017

ETERNITATEA



Badira gauak, loak hartu ezinik buruak hainbat gai diferenteri hamaika buelta ematen dizkiela. Bart horietako bat izan da eta hortxe ibili zait, besteak beste, eternitatearen gaineko pentsamendua zirika. Parentesi artean, diodan ez dudala gogoratzen gaztetxoa nintzela halako gogoeta pizten zitzaidanik, ezta unerik ilunenetan ere. Eternitatetik gero eta hurbilago nagoenaren egiaztapena izango da, ziur.

Bada, Kanadan aurkitutako fosil batzuei buruzko albistea izan da eternitatera -edo behintzat oso hurbilera- garraiatu nauen palanka. Lau mila milioi urteko adina eduki dezaketela zioen zerbitzatu zitzaigun berriak eta zenbatzeari ekin gabe ere, maindire azpian halako sentsazio artegatsuak gainditu nau, nire txikitasunaz (huskeriaz) ostera jabearaziz. 

Baina gero gogoratu dut, duela hilabete batzuk errepide bazter batean hilarri zahar bat ikusi nuela, lore sorta apaltxo batek apainduta.  Hurreratu nintzen eta irakurri nuen harri landuan idatzitakoa. Zioenez, bertan hil zen gazte bat, 1948an. 

Hirurogeita zortzi urtetako istorio tristea oroitarazten zuen harriak. Baina polita gero etorri zen: loreak egiazkoak ziren, gazteak, esku batek bertan apropos jarriak. 

Bart, ohearen epeltasunean ulertu dut eternitatea eta norbaiten bihotzean bizirik irautea sinonimoak direla, denboraren luzerak zer ikusirik ez duela. Eta lasai geratu naiz.

Argazkia: JMVM

1 comentario: