BILATU

lunes, 20 de abril de 2015

RATO CONNECTION

Inork uste al du azken atxiloketak adierazten duela espainiar justizia bere betebeharrarekin konplitzen ari dena? Espainiako gobernutik eta bere sokako medio batzuetatik lapurra komisaldegiratzearen ostean azaldu zaigunaren arabera, justizia denentzat berdina dela frogatu da. Tontotzat hartzen gaituzte. 

Rato Connection dei genezakeenarekin ez da ezer egiaztatu espainiar justiziaren ontasunaz; hori bai, txorizo batzuk inguratuta senti daitezen balio izan du operazio polizialak, epaile eta fiskalaren onespenarekin gauzatua. Justizia operazioaren muturra zein lapikotan egosi den ezagutuko balitz arrastotxoren bat eduki genezake justiziaren helmenari buruz. Baina Raxoyren ezkutuko hautes-plangintza makiavelikoa non amaitzen den jakiterik ez denez gero, auskalo zein inguru teatralean eszenifikatzen ari den oraingo pieza tragiko-dramatikoa. 

Eskularru zuriko zenbait lapurtzar inguruari kezka pittin batekin begiratzen ari zaizkiola egia izan daiteke, batez ere euren harrokeria kirasdunean zaurituta sentitzen direlako, ukiezinezko nolakotasun magikoa bat-batean erori zaienez gero. Baina lehen bezain lapur galantak izaten segituko dute - berezko izaeran baitoa karakteristika hori, DNAko xehetasunen baten antzera- eta etxean lasai asko geratuko zaizkigu, ostutakoa itzuli gabe eta ziega saihestua.
 
Rato - bere estiloko aurreko (eta oraindik aterako diren) gaizkile guztiak bezalatsu- ongarritu dituen sistema politiko eta sozial itsu eta gormutuaren ondorioa da. Horregatik, justiziak bere betekizunarekin konpli dezan hankaz gora jarri beharko litzateke sistema hori sostengatu duen eskema, esfera politiko eta judiziala bestelakotuz. Hau da, Raxoy-Gonzalez-Aznar-Sanchez eta estilo bertsuko piztien egitura zeharo erauzi behar da gure artetik, gizartea berpiztuko bada. Osterantzean Rato eta enparauek euren autokonplazientziatik begiratuko digute, iseka eginez

http://www.fentmuntanyaiformacio.es 




No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada