BILATU

lunes, 13 de abril de 2015

56 URTE EMAN ONDOREN

Iragan urtarrilean berrogeita hamasei urte bete ziren iraultzaileak nagusitu zirela Kuban eta Batista txotxongilo-diktadoreak ospa egin zuenetik. 1959 urruti hartatik bi belaunaldi luze eman dira eta gizarte kubatarra herren ibili da, estatubatuar gobernuak - europar laguntzarekin- ezarritako blokeo ekonomikoa dela eta. 

Mende erdiz irudimenari etengabe eragiten  bizi izan dira uharteko lagunak, gabeziaren kariaz euren gobernu desberdinen plangintza ekonomikoek arrakasta baino porrot gehiago jaso baitute. Eta horrek bere efektu logikoa izan du hiritarrengan,  batez ere itxaropenari bere biziko indarrez eusteko kubatarren ahalmenean.

Orain inflexio puntu baten aurrean geundeke. Obamak eta Raulek bostekoa eman diote elkarri eta iragarpenetarako atea ireki dute. Zer ekarriko digu horrek? Zaila da ezer aurreratzea, baina bi agintarien azalpenei bagagozkie esan liteke  kubatarrak eta baita estatubatuarrak ere irabazle aterako direla, garbi baitago orain arteko katramilarekin biak galtzaile suertatu direla. 

Kubatarrek ikasgai ederra eman diote munduari azken berrogeita hamasei urteotan. Orain, euren duintasunezko zutabetik iparreko auzokoari eskua luzatuz, bi norabidetako jario aberasgarriari eman liezaiokete paso. Erne, tinko eta aurrera.

http://www.fentmuntanyaiformacio.es
Argazkiak: International Press

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada