BILATU

lunes, 26 de mayo de 2014

ESPERANZAK ZERBAIT DAKI



Zerbait daki Esperanza Aguirre peperoak nahiz eta ez duen pista handirik eskaini. Zerbait dakiela diot, terrorista bailitzan tratatu dutela aitortu berri baitu "auskalo nork finantzatu dituen" hauteskunde sarao horietako batean. 
Bere hitzek traizionatu dute -ai, isilik baleude!- terroristei komisaldegi eta espetxeetan zein nolako tratamendu ematen dieten badakiela argi utzi baitu, berari eskainitakoa antzerakoa izan dela haizatzean. 

Beraz, Esperanzari airera egindako tiroak, jipoia, hirurogeita hamabi ordutako inkomunikazioa, bainuontzia eta abar aplikatu dizkiotela ondorioztatu beharko genuke bere hitzetatik. Hala deritzait bederen niri. Beraz, horrela bada, ez da harrigarria ministro, presidente eta senatore ohiak bere borreroetatik beldurrez ihes egitea, egin zuen bezala. Nik berdina egingo nuen. 

Baina ezezkotan nago, ez dut uste Aguirre andre txit gorenak bere gorputz eta gogoan ustezko terrorismoari egokitu ohi zaizkion metodoak pairatu dituenik. Ezta urrik ere!  Eta gogora dezagun metodo horien kontra ez duela kondesa dirdiratsuak inoiz bere ahotsa altxatu, beste norbaiti aplikatu zaizkiola frogatu denean. Ezta nazioarteko erakundeek praktika salatu dutenean ere. 

Ba al dakizu zein den terrorista, Aguirre andrea?  Gizartea beldurrarazteko bitarteko deitoragarriak erabiltzen dituen pertsonaia, hain justu. Gezurra barne, jakina. Eta zure moduko gizakiengandik ez dut espero, ponteko izenak eskaintzen ez dizun itxaropen izpi txikiena ere, gezurti eta tranpari borobila baitzara. Higuingarria. Terrorista.

Argazkiak: www.madrid.org; alertadigital.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario