BILATU

lunes, 12 de mayo de 2014

GURE ESKU DAGO


Mahai  inguru interesgarri batean hartu nuen esku lehengo astean – Karmelo Landa eta Ur Gorostiagarekin batera- Aramaio nire jaioterrian, GURE ESKU DAGO ekintza dela-eta. Euskal Herriaren geroa erabakitzeko prozesuaren ikusarazte berri honetan ostera jarri ditugu euskaltzale baikorrok (erredundantzia ote?) gure ilusioak. Eta han eta hemen eratutako hitzaldi, mahai inguru eta jaialdietan ehunka pertsona ari dira makinak berotzen, datorren ekainaren 8an izango den ekitaldi nagusiaren arrakasta ongarritzeko.


Aramaioko nire hitzalditxoaren harira, GED prozesuaren garrantzia hamar puntutan mugatzen dut. Hona hemen hamar puntu horiek (ez dira Hamar Aginduak, jakina):

a) GED ekintza baliagarria da herri kontzientziari eusteko
b) GED ekintzak ez du iraungitze datarik eduki behar
c) GED ekintzak lehenik suspertze/egonkortze kulturalari heldu beharko dio,  euskaldun  askoren ilusioa ez zapuzteko. Horrek erabaki politiko sakonak hartzera behartzen du, batez ere EAEko Jaurlaritza.
d) GED ekintzak, orain, zentro politiko neuralgiko  bakarra eduki behar du (Gasteiz), inora helduko bada.
e) GED ekintzak egun "hotz"  edota "kontra" daudenenganaino helarazi behar ditu bere mezuak, prozesua "arrazoitua" izan dadin.
f) Gizarte bultzada eraginkorrik gabe jai du prozesuak.
g) GED mugimendua egituratu beharko da, alderdi politikoetatik kanpo baina alderdi politikoen ondoan.
h) GEDk eredugarria izan behar du bere ahaleginean, gardena eta irekia. Eta arina.
i) Euskaltzaleok modu kritiko eraginkorrean aritu beharko dugu GEDren barrutik, erabakitzeko eskubidearen gauzaketak gizarte euskaldunaren eskubidea azpira ez dezan.
j) GED mugimenduak  Euskal Herriaren funtsezko eskubideak defendatuko ditu, aske, irekia, eskuzabala, eraginkorra eta solidarioa izateko.

Argazkiak: gureeskudago. net

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada