BILATU

lunes, 2 de diciembre de 2013

ARABAKO EUSKARA ZERBITZUA, 40 URTE




Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu biharko datan. Eusko Ikaskuntzak 1949an sortutako ekimenak indarra hartu du azken urteotan eta egia bada ere euskarak egunero behar duela Eguna, era guztietako ekintza eta aldarrikapen puntualek ez diote kalterik egiten. Beraz, abenduaren 3an modu bereziz aterako dugu gure hizkuntza kalera, munduak Europako txokotxo honetan daukagun altxorraren berri eduki dezan, behintzat. 

Lehengo ostiralean – azaroak 29- euskararen inguruko ekitaldi xume eta hunkigarri batean egoteko aukera izan nuen eta gaurko lerro hauetatik nire zorion-omenaldi txikia eskaini nahi diot Arabako Aldundiko Euskara Zerbitzuari, berrogei urte baitarama jo eta ke arabarrona ere den hizkuntzaren zaintza eta suspertze  lanetan. Samur esaten da berrogei urte, ezta? Denboran atzera egingo bagenu diktadurapeko eszenategiarekin egingo genuke topo, eta horrek ideia eman dezake aitzindari haiek aurkitutako giroarekin. 

Bisi Oiartzabal
Arabako Euskara Zerbitzuak hizkuntza-eraikin ederra jaso du lau hamarkada hauetan, eta ostiralean Javier de Andres diputatu nagusiak bere hitzaldian zioen bezala, lurraldeko ikastolei esker arabar askorentzat ama hizkuntza izan ez dena seme/alaba-hizkuntza bilakatu da. Euskararen presentzia eta prestigioak gora egin dute, “zazpigarren alaba”tzat hartuta zegoen eremu zabalean eta hori begi bistakoa da, arlo pribatu zein publikoan. 

Berrogei urte joan dira, bai,  Bisi Oiartzabal andreak makineria martxan jarri zuenetik. Oso lantegi handia zeukan bere kargura baina aurrera jo zuen, ahalbide apalak zituen arren. “Ifarraldeko oihanek diraute lerdenik; hego-aldean, berriz, zelai bilutsik” kantatzen zuen Gorkak garai hartan euskararen Arabako egoeraz arduratuta, nonbait. Zorionez, hori ere aldatzen joan da eta oso zuhaizka eder emaritsuak hazi dira nonahi.  Zorionak eta esker mila, arabar zerbitzu publikotik euskara indartzen aritu izan diren guztiei.

Argazkiak: 
www.baisarean.org
www.euskaraba.com 

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada