BILATU

lunes, 23 de diciembre de 2013

IGELDOK BOST AXOLA NIRI



Goizero bezala kafea hartzera joan naiz eta  nire lagunetako inork ez dit Donostiako komunikabideek lehen lerrokotzat hartutako albisteaz ezertxo ere aipatu. Ez bide zeuden Igeldoren gaineko auziaz bat ere arduratuta! Gutxi gora behera,  ni bezala. "Ardurometro"rik balitz, arazo horretarako nire gradua eta, adibidez, Moskuko hiritar arruntak Kataluniako kontsultari buruz senti dezakeenaren gainekoa antzerakoak direla egiazta liteke. Hau da, zero patatero. 

Gizon-emakumeok libre bageunde uneko  zirkunstantzietara lotzen gaituzten lokarrietatik  beste kuku batek kantatuko lioke munduari. Alperreko jantziez erantziko bagina askoz aberatsagoak izango ginateke gure espazio fisikoan eta libreagoak deliberamenduetako sokan. 

Interesak azalera ateratzen direnean, ordea, zeharo asaldatzen zaizkigu emozioak eta hankaz gora jartzen da zorroztasunerako ahalmena. Nik ez daukat Igeldon intereseko ezer; beraz, bost axola niri, Donostia den ala berezko udal herria. Aldatu behar al dut  igeldotarrenganako nire jokaera horregatik? Ziurrenik, Buenavista jatetxea toki berean egongo da hara noanean, ezta? 

Nork ditu interesak Igeldon? Nortzuk daude interesatuta euskaldunez? Cadizekoak, adibidez? Edo la Picardie lurraldekoak? Gai izango al lirateke Euskal Herria mapan jartzeko? … A! portzierto: interesen arteko tirabirak – gehienetan, beti ez esateagatik- administrazio-zuzenbidearekin konpontzen dira.

Bada, hori.


Argazkia: www.eitb.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario