BILATU

lunes, 25 de marzo de 2013

GARAI ZAILAK ELIZA KATOLIKOARENTZAT



Erramu Igandea igaro ondoren Aste Santuan sartuta gaude, bete-betean. Ireki da mundu katolikoaren egutegiko datarik adierazgarrienen atea eta askok tinko eutsiko diote euren sinesmenaren aginduak ospatzeari. Beste hainbatek, ordea, egutegiak aisiarako ahalbideratutako aukera soiltzat hartuko dituzte egun hauek. 

Eliza eta gizarte zibilaren arteko harremanak errealitate hertsiko erakusle indartsua ezagutu genuenok bakarrik esan dezakegu nola aldatu den aste santuaren adierazpena. Gainerako erakuspen erlijiosoen esanahia ezabatzear jartzeraino iritsi den bezalaxe, aste santua, oro har, opor aldi hutsa izatera igaro da. 

Ez da egia sinesmenaren amaiera  heltzear dagoenik gizartera.  Baina errealitatea dugu pentsamendu desakralizatuak toki zabala hartu duela gure artean, inoizko indarrik nabarmenarekin. Katolizismoak ez ditu bere piezak egoki mugitu eta partidak behin eta berriz galdu ditu azken mende erdian. Vaticano II. Kontzilioa aurrera pausua zitekeela uste izan zena aurki lurperatu zuten geroagoko Vaticanoko agintariek eta eliztarren etsipenak elizari bizkarra ematea ekarri zuen. 

Sinesmena (izpiritualismoa) -edo dena delakoa- barrundik eta ezelako kanpo eraginik gabe bizi behar da, egiazkoa izango bada. Erlijioak lanabes gisa erabil daitezke, helbururako plataforma lagungarri bezala.  Gertatzen dena da izpiritualitateak ez duela erlijioen beharrik. Eta desakralizazioak eremu zabalak irabazi baditu ere, horrek ez du esan nahi gizarteak introspekziorako gaitasuna galdu duenik. Egia da, dena den, kanpo faktore desbideragarri gehiegi ditugula inguruan,  barne hausnarketa oztopatzen dutenak. Eta elementu pizgarriren baten premia gero eta nabariagoa da, bide egokiaren bila lagun diezagun.   

 Giza-norbanakoaren izpiritualitatea erlijio guztien gainetik egon daitekeen arren, ez da egia txikiagoa erlijioaren egiturak mesedea ekar diezaiokeela gogoarentzako elikadura aproposaren bila dabilenari. Egun, ordea, oso urruti dago eliza katolikoa babes hori eskaini ahal izatetik. Lortuko al du etxe komuneko doktrina berri bat bilbatzea?

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada