BILATU

urtarrila 30, 2012

BEIZAMAKO UNIBERTSITATEA



Urkiko Arruti-Olazabal sendia 1972an,
Joanixio, Yon, Xabi, Iñaki eta Juanita

Irakurleetariko askok jakingo duten bezala Beizama Gipuzkoako herri txikitxo bat da, lurraldearen bihotzean sartuta, ongi gordeta. Herri bezala erdi aroko deitura den “Universidad” titulua du, hau da, zenbait udalerriren interesak defendatzen zituen herriari dagokiona. Eta Beizamako udaletxearen aurrealdeko inskripzioak harrotasunez adierazten die bisitariei, “universidad” batera iritsi direla.

Goi hezkuntza eskaintzera dedikatzen den erakundearen adierazpenarekin ez nintzela okertu aldez aurretik garbi utzi behar dudalarik, 1972ko maiatzean unibertsitate-karrera Donostiako ESTEn amaitu bezain laster Beizama “Universidad”era zuzendu nituen nire urratsak, prestakuntza partikularrean gorantz egin nahi nuen-eta. Bai. Eta Universidad hartan aurkitu nuen Unibertsitate berri bat, ohiko hezkuntza erregimen eta sistemetatik zeharo urruti zegoena.

Hor naukazue, Urki baserrian, 1972an
 Matrikulatu egin nintzen Urki Fakultateko udako ikastaroetan eta uztailean ekin
nion ikasketa intentsiboari. Goizeko 6ak inguruan jaikitzen nintzen eta kafesnea hartuta, ikas-gela desberdinetatik igarotzen nintzen, normalean nitaz arduratzen zen tutoreak lagun. Hark erakusten zidan –besteak beste- nola gobernatu behar ziren haziendako ehun eta hirurogeita hamar izar nagusiak (1)  Kargaz ongi beteriko eskorgarekin hamaika joan etorri burutu behar nituen gelen eta “campus”eko bazter bateko biltegiaren artean. Eta... Baina, utz dezadan metafora eta noan hizkera errealera, hobeto esplikatuko naiz-eta.

Halaxe da. Berrogei urte betetzen dira, euskaraz jabetzearen aldeko urtetako nire ahalegin antzuari “orain edo inoiz ez” gogor bat bota niola, eta lan-bizitza profesionalera salto egin aitzin euskal sendi batean murgilketa derrigorrezkoa nuela agindu nion neure buruari, inoiz euskaldunduko banintzen. Agindu, onartu eta egin! Patxus Arzamendi adiskide arrasatearrak erakutsi zidan Beizamarako bidea, bera handik igaroa baitzen, oso emaitza onarekin, gainera. Eta horrela, Urki baserrira jo nuen.

Beso zabalik hartu ninduten sendiko kideek: Iñaki, Juanita, Joanixio, Jon eta Xabi. Bost adiskideekiko interakzio zuzen eta jarraikia egundoko hauspoa bihurtu zen niretzat, eta hamaika bider komentatu ahal izan dudan moduan Beizamakoa dut inflexio puntu zoragarria euskararekin bizi izan dudan historian. Oso esperientzia ikaragarri polita gertatzeaz gain, nengoen “zirt edo zart”eko abagune hartan arras erabakigarritzat daukat.  Egonaldi hark mundu berri baterako ireki zidan gogoa. Arruti-Olazabal sendiari esker.

Konbentzituta nago, Beizamara joan izan ez banintz egun ez nintzela euskaldun izango. Beizama “universidadean” lortu nuen nik inongo unibertsitatek eskaintzen ez duen titulua: euskaldunena. Eta horrexek aldatu zidan bizitza.

Argazkiak: JMVM

(1) Urki baserrian urte hartan 170 behi zituzten, zenbait ikuilutan banatuta.

Gehiago Beizamako Urkiri buruz: 

https://txemax.blogspot.com/2018/07/ohore-maisuari.html


10 iruzkin:

  1. Ikaragarri polita eta gogorra behar du, bai zuretzat bai bere etxean hartu zintuen familiarentzat ere. Bejondeizula!

    ErantzunEzabatu
  2. Eskerrik asko Atauri. Ikaragarri polita, bai!! Agur bero bat.

    ErantzunEzabatu
  3. Tratore gainean azaltzen den mutikoetako bat naiz ni, Xabier.
    Ohore bat izan zen zu gure etxean hartzea, ohore bat berrogei urte ondoren hain hitz politak entzutea, ohore bat zure lagun izatea.

    ErantzunEzabatu
  4. Xabi, ohorea niretzat izan da zeuen etxean sartu nintzen unetik. Laster arte, besarkada bero batekin. Txema.

    ErantzunEzabatu
  5. Jose Mariren esperientzia nik neuk bizi nuen....(orain pentsatu behar dut zenbat urte pasa diren)..1996an. Benetan esperientzia ederra eta ahaztezina ere. Nire lehenengo urtean abuztuko 15 egun eman nituen Agiñan osaba Pedro eta izeba Arantzarekin eta azken 15 egunak Urkin. Nire kasuan familia luzeagoa zen, Urkin baitziren Iñaki, Juanita, Jon (ezkontzeko zorian), Xabier eta Igone. Benetan Arruti-Olazabal familia BEREZIA ETA ONA da. esan dezaket lehen aldiz Beizamara joan nintzenetik NIRE FAMILIA bihurtu dela. Beraiei esker, Jose Marik dioen bezala, euskararekiko nire jarrera guztiz euskaldundu egin da. Bizkaitarra naiz, Zallan bizi naiz eta askotan leporatzen naute "gipuzkeraz" egiten dudala: Beizamako gipuzkera. Bizkaitar harroa izanda, harro ere sentitzen naiz hori esaten didatenean, Beizamari lotuta baitnago. Esperientzia horren ondorioa oso ederra da: gaur egun mantentzen dugu harremana, sarritan (bueno, egia esanez, ahal dugunean) elkartzen gara. Nire gizonak eta semeak badakite Beizaman famili eta lagunak dituztela (ez dakit zer egiten duen Beizamako famili horrek baina lortzen du "engantzatzea") eta nire bizitzako une txarreneetan Beizamako familia izan dut alboan, BETI. Une oneetan ere bai. Eskerrik asko!.
    Beizama eta Arruti-Olazabal familia nire bihotzean daude. Eskerrik asko guztioi, bihotzez!
    Elena Unzueta

    ErantzunEzabatu
  6. Aupa Elena,
    Eskerrik asko zure ekarpenarengatik. Ia inoiz berreskuratzen dugun aspaldiko ideia hura, ia-ia behin gauzatzera heldu zena... eta Beizamara biltzen garen jai giroan!! Musuarekin,
    Txema

    ErantzunEzabatu
  7. Nahi duzunean, ni beti prest horretarako. Eskerrik asko denagatik eta laster arte! Musu handi bat!

    ErantzunEzabatu
  8. Txema: Gaur arte (2016/3/14) ez diat hire idatzi hau irakurri. Oraindik akordatzen nauk nola ikusi hituan egun batean nere etxe aurretik pasatzen Beizamako bidean, eta nola esan nian "hik ze demontre egiten dek Landeta aldean?". Urteak dituk,bai.
    Dena dela, ez nekiean TXUS ere Urkin egona zenik.
    (Etzekiat hik heuk gogoratuko dekan, baino garai hartan Beizamako autobuseko gidari zan ANIXTOk Beizama ordez BIÍZIMA esaten zian).
    Besarkada bat, Txema.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Eusebio, egunon
      hik -itxurie- gehiago bizi dek iragana, gehiago akordetan haiz eta. Landetako anekdota hori ahaztua jaukat. Baina Landeta ere "deskubritu" nauela nire gogoan jak. Hura mundu hura, niretzat! Jexux "Txus" (guk Patxus esaten gaixuan) ni baino urte pare bat lehenxeago igaro zuan handik, hamar hilabetez jarduteko. Sasoiko urten zuan Urkitik, bai horixe! Autobusekoaz etzekiat ezer, ez nauen ezagutu Anixto (zer izen dek hori?)
      Gogo-ibilbideak osasuntsuak izaten dittuk eta gaur goizean ere -hirekin arituz- osasun pixkat berreskuratu juat.
      Eusebio: besartekarie!!
      Txema

      Ezabatu
    2. Autobuseko gidariaren izena ANICETO izan behar zian, baino berak ANIXTO esaten zian; BEIZAMA BIÍZIMA esaten zuen bezela.(Hori Urkikoek ondo jakingo die).

      Ezabatu