BILATU

lunes, 6 de junio de 2011

FRANCO HILTZAILE IZAN ZEN


Jeneral autoritarioa omen zen Franco, espainiar Historia Akademiaren hiztegiaren arabera. “Franco autoritario? Bai, zera! Hori ez duzu zuk ere sinesten!” Horrela erantzungo nuen definizio bitxi horren aurrean baldin eta 9 urte genituela ikasten genuen Caton liburuan Francori buruz erakutsi zidatenarekin bakarrik geratu izan banintz. Eta pentsatzen dut inor ez dela harrituko, ondoko ilustrazioak dakarrena irakurrita. Begira:

Franco oso ona zen, eta espainiar guztiak maite zituen eta horregatik Jaungoikoak bidali zuen Espainiara, gure aberri bihotzekoa pertsona gaiztoetatik salbatzearren. Eta horixe egin zuen, lantegian “alma, vida y corazón” jarri zuelarik. Horregatik, guk gogoz maite behar genuen, gure salbatzailea zelako eta den-dena gugatik egiten zuelako. Eta Pilareko Ama Birjinai otoitz egin behar genion, Francok agintean jarrai zezan.

Nire etxean –Euskal Herriko gehienetan bezala- ez zen politikaz hitz egiten. Beldur zioten nire gurasoek horren gaineko solasaldirik txikiena ere etxeko gaztetxoen aurrean edukitzeari, eta nahiz eta ez nuen oso argi zer gertatu zen ni jaio baino urtebete gutxi lehenago, zerbait gogorra zela antzeman nezakeen. Baina inozotasunezko garaia zen...harik eta...







... Behin nire amaren paper ezkutuetako bat agertu zen arte –sukaldeko mahaian ahaztuta, nonbait- eta orduantxe irakurri ahal izan nuen ondoko prentsa-mozkina. “Sentencias cumplidas” zioen Gaceta del Nortek 1937ko abenduaren 22ko albisteak, eta bertan 1937ko urria eta abenduko lau egunetan Larrinagako presondegian exekutatutako ehunka lagunen izenak agertzen ziren. Haien artean, amaren anaia bat: Jose Mari Azkarraga. Hogeita bat urte. Bere delitua: Francok adierazten zuenarekin ados ez egotea. Eta arrazoi horrek kondenatu zuen fusilatua hiltzera... beste asko eta askorekin batera.

Eta orduantxe konturatu nintzen, Franco ez zela Catonek zioena, baizik eta nire gurasoek eta hainbat lagunek umeen aurrean esaten ez zutena: hiltzailea.

1 comentario:

  1. ....barre ederrak bota ditut (haserako partean, noski) !!!

    lastima pertsonalki ezagutu ez izana....ESKERRAK EMANGO BAIT NIZKION (nire eran beti ere..) AUSART ETA SALBATZAILE HONI !!

    ResponderEliminar