BILATU

miércoles, 27 de abril de 2011

JOSE ANTONIO ARANA MARTIJA ZENDU DA


Josune Olabarriak eman dit albistea: Jose Antonio Arana Martija duela une batzuk hil da, bapatean.. Eta gogoa lurrera erori zait. Eta begiak lausotu. “Baina zergatik?” galdetu diot, ez dakit nori. Atzo Julio Galarta pintore adiskideari azken agurra eman genion; gaur bihotzeko beste lagun handi bati...

Jose Antonio bidaia-kidea izan dut euskalgintzan pertsonalki harremana zuzena jorratzen hasi ginenetik. Eta zer nolako kidea, gainera! Hamaika abenturatan elkarrekin ibili gara eta maisutzat izan dut beti. Sebero Altuberen gaineko nire lehen liburuan bikain lagundu zidan Gernikan; Iokin Zaitegiren biblioteka eta artxiboa sutzarretatik libratzen elkarrekin ibili ginen Arrasaten; Arrasateko Juan Carlos Guerraren biblioteka Euskaltzaindirako bidea ematen ere ordutxo batzuk eman genituen; Euskal Idazleen Elkartean urte luzez ukondoz ukondo ihardun genuen, han eta hemen; Eusko Ikaskuntzako nire lehen urteetan aholkuak eman zizkidan, inoiz ahaztuko ez ditudanak. Eta horrezaz gain... lagun batek eskain dezakeen komunikazio irekia zerbitzatu dit etengabe, edozertarako. Eskerrik asko, Jose Antonio.

Eusko Ikaskuntzako Musika Sailaren Musiker aldizkarian idatzi nuen artikulu batean nioen:Idazle lanetan hasi nintzenetik biziki lagundu didan pertsona da Jose Antonio. Horrek adiskidantzazko lotura ere ahalbidetu du gure artean eta nire aldetik ere miresmena diodala aitortu behar dut. Pieza bateko gizakia da, zintzoa, lagunekiko zein bere buruarekikoa ere, sarritan hain samurra gertatzen ez dena. Ia hogeita hamar urte dira elkar ezagutu genuenetik. Euskarak lotu gintuen eta euskarak eraman gaitu ibilbide malkartsuko zenbait mugarri berdintsutatik. Bidaiakide izan gara euskalgintzan. Bidean une goxoak eman ditugu eta –zergatik ez gogoratu?– gaziak ere bai. Baina ongi inbertitutzat ematen ditut denak, amesten genituen helburuak erdiesten joan direla ikusita. Egiteke duguna oraindik luzexka den arren”[1]

Tamalez, ezina izango zaigu, Jose Antonio, mugarri gehiago gainditzea. Iaz Eusko Ikaskuntzak izendatu zintuen Manuel Lekuona Saria, eta ongi merezia duzu! Bizitza osoa eskaini diozu kulturari eta lagun askok errekonozimenduzko koroia zure buruan jarri nahi izan genizun.

Ohore handia izan dut zuk ni adiskidetzat hartzea. Besarkada maitekorrenarekin, elkar berriro ikusi arte!

Bideoa:

http://www.youtube.com/watch?v=wCVaGKQD2-s

Blog honetan bertan:

http://txemax.blogspot.com/2011/02/jose-antonio-arana-martija.html

[1]Jose Antonio Arana Martija etaE uskal Idazleen Elkartea” Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2007

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada