BILATU

ekaina 15, 2015

TXULETAK



Txuleta zalea izan nintzen. Ez naiz harategian eros daitezkeen horietaz ari, era guztietako azterketetarako betidanik erabili izan diren paper txikiei buruz baizik. Ekaina azterketa hila dugu eta ziurrenik ikasle asko fidatuko da ezkutuko "laguntxo" horretaz, ikasitakoak heltzen ez duen datua irisaraz diezaion. 

Aitortu behar dut txuletek une larri ugari ekidin dizkidatela. Eurei esker desertuko ordu luzeak saihestu nituen ikaslea nintzela eta oraindik ere amesgaizto askotan txuletaz inguratuta ikusten dut nire burua, estualdietako salba ohola ukatzen didatela izututa. 

Unibertsitaterako hautaprobak izan berri dira eta ikasgeletako zaintzaileen ardura handienetakoa zen, ikasleek euren gainean tramankulu elektronikoren bat izango ote zuten. Kopiatzeko sofistikazioa ikaragarri hazi da, eta gero eta bitarteko irudiezinagoak antzematen dira azterketetan. 

Ene ustez, ordea, ohiko txuletek abantaila zeukaten egungo sistemekin alderatuta: oharkabez, txuletan idaztearekin kopiatzaileak zertxobait ikasten zuen. Eta zertxobaitetan lagunduko zidatelakoan nago.

Argazkiak: Internet





http://www.fentmuntanyaiformacio.es
 

ekaina 08, 2015

IRAGANERA ITZULIZ. GALARRA



Hamar bat lagun sartu ginen leizera. Eskuko linternaren bat eta karburoko kriseiluekin argitzen genuen espazio malkartsu, zabal eta legendaz beterikoa. Tupust egiten eta labainkadaren bat baino gehiagorekin zulatu genuen iluntasun irensgarria. Garrasi batean jaitsi ginen ezkutuaren sabelera. Hamabi-hamalau urte bitartekoak ginen, burrundara zaleak. Duela berrogeita hamahiru urte jazo zen abentura hura. 

Iragan ostiral goizean ostera itzuli nintzen Galarra(ga)ko kobara. Alvaro eta biok bakarrik. Orduan bezainbeste zailtasun, eragozpen, zola labainkor eta legenda. Baina oraingoan isiltasunak lagundu zigun harpeko ibilbide osoan. Isilpeko jaitsiera erakargarriak gidatu zituen gure urratsak eta bekokiko linternena izan genuen orduko bitarteko zaharretatik bereizten gintuen aurrerapen teknologiko bakarra. Gozada bat izan zen, leizearen sabaiko zirrikituetatik iragazitako ur tantek osatzen zutelarik erritmo konpasatuaren kadentzia.

Merezi izan zuen. Batzuek atzera pausu ilogikotzat har lezaketen arren, konbentzituta nago itzultzeak bizitzari aurrerako bultzadatxoa ematea adieraz dezakeela. Duela berrogeita hamahiru urte nire barnean iltzatu ezin izan nuen sentipen bizigarriak gainezkatu ninduen oraingoan koba zulo ilunean. Eta berrindartuta atera nintzen goiz ederreko argira.
Argazkiak: JMVM
http://www.fentmuntanyaiformacio.es

ekaina 01, 2015

HALA ERE, IBILI BADABIL



Hirurogei urteko tartea da artikulu honetako bi irudien artean. Bizitza oso bat. Gaur goizean, nire aldetik zirkin egin gabe bata bestearen aurrean jarri ditut eta bi une horien artean munduak zenbat bira oso bete dituen kalkulatzeko gogo barik konturatu naiz, ibili bagabiltzala eta planetaren azelerazioak gu guztion izaeran erosioa eragiten duenaren egiaztapenean sinesten dudala. 

1955eko nire eskola lan bat
Bost urteko umetxoa nintzen argazkikoa idatzi nuenean. Lehen urratsak ziren nire heziketa-ibilbidean eta 1955eko egun hartan eskolan mojak idatzitakoa diktatu zigun. Auskalo ulertzen ote nuen ezer hitz jario hartatik. Garaiko metodologiak testu hautatu ortodoxoak behar zituen, umetxoak espainiar hiritar erantzuleak bilakatzeko. “Los primeros pueblos que vinieron a establecerse a España fueron los iberos y los celtas…”
 

Umezaintzako umeekin
Hirurogei urte geroago bost urteko neska-mutikoak izan ditut nirekin elkarrizketan, Arrasateko Umezaintzan, herriko historia ardatz hartuta. Unetxo batez irakasle bihurtu naiz eta solasaldi freskoa gertatu da hitz jarioaren trukean. Zer ikusirik ez du ihardunak izan umetxo nintzela prestatzen ziguten bizitza-zubiarekin. Eta hori bi arrazoirengatik: belaunaldien arteko diferentzia kulturalarengatik eta zubiaren desitxura progresiboarengatik. Hala ere, ibili badabil. Eppur si muove.

Umezaintzako argazkia: Silbia Maria Seco 
 


http://www.fentmuntanyaiformacio.es