BILATU

urtarrila 12, 2026

SAN CUCUFATO

 


Olentzerok ekarritako eskularruak galdu nituen, oparia jaso eta zenbait egunetara. Atsekabetu egin ninduen, batez ere euskal pertsonai mitikoari eskutitza idatzi ziona nire hutsak tristetu egingo baitzuen. Beraz, gertatua erdi isilpean gordetzea erabaki nuen. Hala ere, lagun bati azaldu nion galera eta horrek aurkitze lana San Cucufatoren esku uztea aholkatu zidan. San Cucufato?

Hasierako harriduraren ondoren, bere existentziaz ere ezertxo ez nekien aipatutako santua, galdutako objektuak berreskuratzeko bitartekaririk onena dela azaldu zidan adiskideak. Eta haren gaineko sasi otoitz hutsezin baten berri eman zidan.

Interneten sartu eta pertsonaia aurkitu nuen, hari batean hainbat korapilo lotzen dituzun bitartean esaten duzun esaldiagatik ezagun dena, galdutako objektua agertuz gero korapiloak askatzeko promesa egin behar diozuna.  Jakina, ez nintzen joko horretan sartu, baina nire buruak etengabe gogorarazten zidan norbait goibelduko zela eskularruak falta zitzaizkidala jakin izan balu.

Buru nahaste ilun hartan, hotz izugarria egiten zuen eguerdi batean eskuak izoztuta nituela kafetegi batera sartu nintzen eta artean atean nengoela zerbitzariak barratik bota zidan, denok aditzeko moduan: "lehengo astean hemen utzi zenituen eskularruak". Hori entzutea eta nik "Gora San Cucufato!" oihu egitea bat izan zen! 

Orain ez zait batere axola, erregalatu zizkidanak dakien ala ez egun batzuetan bere oparia non zegoen jakin gabe egon nintzela. Ziur nago interes handiagokoa izango dela berarentzat, galdutakoa aurkitzen laguntzen dizun pertsonai bat dagoela santuen olinpoan, galdu eta aurkituetako bulegora joan beharrik gabe.

 San Cucufatoren sasi-otoitza:

https://cajondelsastre.com/2017/05/12/san-cucufato-los-huevos-te-ato/


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina