Diotenez, gaur osasunaren eguna da. Loteria-txartel potoloa atera ondoren, "osasuna da garrantzitsuena" baieztatzen dutenen kopurua ikusita, ziurrenik egia izango da, eta, beraz, gora osasuna! Dena den, batzuen iritziz optimisten eguna ere bada, jendea abenduaren 22ko eguerdi aldera milioidun bihurtzeko ahaleginera itzultzen baita urtez urte.
Zentzu horretan, adiskide on batek askotan baieztatzen du inork ez duela irabazten frontoiko pilota apustuetan, nahiz eta teorikoki erraza den, dirua bi koloretara bakarrik jokatzen baita. Eta bere arrazoinamendua amaitzeko, 100.000 zenbaki desberdinetara apustu egitea super-optimistentzat dela azpimarratzen du. Birekin ez, eta ehun milarekin irabazi?
Optimistei buruz hitz eginez, nik bi adibide eman ohi ditut, txantxetan. Lehenengoak Demis Roussosen 1977ko maitasun abesti triste bati egiten dio erreferentzia; greziar abeslariak hitz hauekin hasten da: "Baldin hil behar badut…". Ez esan Aphrodite’s Child ohia ez zela optimista! Gogora dezagun, duela hamar urte hil zela.
Beste kasua, Juan Garmendia Larrañaga sarkastiko nire lagun minarena da. Azken epaiari eta horren “etorriko da biziak eta hildakoak epaitzera” esaerari helduz, “... ia zorte pixka batekin…” gehitu ohi zuen tolosarrak.
Ba, bai, gaur baikorren eguna da, ze demontre!!
Argazkia: Fast Company

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina