Nik uste dut adinean aurrera egin ahala, harridurarako ahalmena gero eta luzeagoa bihurtu zaidala bizitzaren arlo guztietan. Beharbada, zaintza pixka bat jaitsi dudala da gertatzen zaidana, gero eta ekarpen gutxiago egin baitiezaioket mundu honen etorkizunari, bestaldetik egunez egun zoroago ageri dena.
Duela egun batzuk Marco Rubio AEBko estatu idazkaria ikusi ahal izan genuen hedabideen aurrean bekokian gurutzea markatua, Garizumaren hasiera ematen duen asteazkenean errautsak jasotzera eliza batetik pasatu ostean, ziurrenik. “Hemen nago” predikatzen ei zuen kubatar jatorriko pertsonaiak, ene ikuspuntutik kristau-yoruba sinkretismoaren erakustaldi batean. Eskuinarekin lerrotu ez diren hedabideetan Rubio jaunaren jarrerari buruzko kritikak eta txantxak ez dira falta izan.
Orain dela gutxi ere Anoetan eten egin zuten
bertakoen eta
ingelesen arteko partidua, zelaian zeuden zenbait futbolarik
beren Jainkoari eskerrak aurkeztu ahal izateko, euren kredoak agindutako barauari amaiera emanez. Eta komunikabideek – denek- kazetaritza
onaren ohiko asepsiarekin jaso zuten albistea, gertatutakoari buruzko
kritikarik edo txantxarik sartu gabe. Mendietako gurutzeak suntsitzearen alde
daudenen aldetik ere ez nuen inolako iritzirik ikusi. Bide batez, futbol
zelaiko kasu honek frontoietan eguerdiko Angelusen desagerpena ekarri zidan
gogora, garai hartan argudiatuta, besteak beste, jokoa moztuz gero pilotariak
hoztu egiten zirela. A! Eta, badaezpada ere, bere Jainkoari otoitz egin nahi
dionak - Marco Rubio edo goi mailako futbolistak badira ere- horretarako ahalbidetutako tokietan egin behar duelakoan nago, bera
bezala pentsatzen ez dutenak aztoratu gabe.
Bada, jaun-andreok, egunez egun frogatzen ari
gara gizonak eta emakumeak oso animalia hipokritak garela, eta kasu bakoitzean
egokiena zaigunaren arabera jarrera bat edo beste hartzen dugula. Horrek, eta
hasieran esandakoaren kontraesana bada ere, ez ninduke batere harritu behar.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina