Oroimen kolektiboa hauskorra da. Aroek, indar erlazioek eta interesek aldaraz dezakete, teorian behintzat betiko grabatuta geratutako inoizko jazoeraren oroitzapena. Denboraren joan ekidinezinak lausotu egiten du kolektiboaren zuzeneko pertzepzioa eta iraganeko egiaztapena zalantza bihur daiteke… eta azkenean lurrundu, erabateko desagerpeneraino.
Gure artean arras garbi dugu jeneral diktatore hiltzailearekin gertatzen ari dena. Belaunaldi gazteena ez da gai, Francorekiko aurrekoaren erreferentziatik ia ezer gordetzeko, eta -areago- gizartearen berezko alprojakerian gauza da munstro harena legenda hutsa bilakatzeko.
Esparru txikiagora mugatuz, zenbait hamarkadaren buruan inork gutxik gogoratuko du beste munstro batzuek inguruko mendi batean eragindako eraso suntsitzaile deitoragarriaz… eta bizitzak aurrera jarraituko du, ergelkeriak jota.
Oharra: udal erregistroetan ere ez da atentatuaren kontrako erabaki idatzirik aurkituko. Ulertzen dugu ezinegon hori, edo oroimenaren hauskortasun induzitua...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina