BILATU

maiatza 10, 2021

KATALUNIAKO KORAPILOA

 


Badira urteak Kataluniako egoera politikoak iluntasunera jotzen duela, alde askotatik, eta batez ere geografikoki urrun gaudenontzat korapiloa ulertzeko zailtasuna biderkatu egiten da. Ezin dut ezkutatu galdu egiten naizela sigletan eta horien arteko negoziazioei jarraitu nahi diedan arren... xukadera botatzen dut gehienetan, bideko harriak zeintzuk dituzten antzeman ezinik. Ez dut ukatuko nire kultura politiko txikia izan daitekeenik Kataluniari buruzko eztabaida nuklearrari argia ikusteko dudan eragozpen nagusia. Baina pentsatu izan dut indartsuago nagoela bere xehetasunetan, aipatzeagatik, Burkina Fasoko gatazka konprenitzeko, Bartzelona ingurukoa baino.

Agian horretan datza politiko kataluniarren estrategiaren giltza, hots, zenbat eta helburu nagusiaren gaineko arrasto gutxiago utzi hainbat eta urrats sendoagoak ematen ari direneko konbentzimenduan aritzea, irtenbidea berez sortuko delakoan. Izan ere, batzuengatik eta besteengatik, korapiloa gero eta handiagoa bihurtzen ari dela esango nuke, gero eta konplikatuago askatzeko. Greziako legendaren Gordioko korapiloa bera baino gehiago.

 Gaurko prismatik aztertuta, Kataluniako korapiloa nola ikusten dudan esplikatzera ausartuko nintzateke -eta aurreko lerro xumeak horren haritik doaz- baina inolaz ere korapiloa bera esplikatzera. Benetan desira ez nukeena da, beste Alejandro Handi bat agertzea, bere ezpataren kolpe batekin korapiloa erditik askatuko lukeena.

2 iruzkin: