BILATU

lunes, 11 de septiembre de 2017

BIDAIAK



Badira opariak, eta opari ederrak. Azken hauetako bat egin dit lagun batek. Liburuxka bat da, irarkolatik atera berria. Ez dakit zenbat ordaindu behar den dendan formatu apaleko orrialde gutxiko honengatik. Poemak ditu irakurgai; ziurrenik ez da garestia izango. Baina Jon Iñaki Lasa eskuzabala izan da nire eskuetan bere azken ekarpen literarioa uztean. Ikaragarri gozatu dut 58 olerkiekin.

Poema ederrak. Jon Iñakiren esku, buru eta bihotza ilaran jarri dira izkiriatzean, bestela ezin da hain lerro gutxitan horrenbeste edertasun bildu. Hitz neurtuak, egokiak, barne muinean eragin dardaragarria pizten dutenak. Hitzez hitz, ia-ia hizkiz hizki- dastatzera gonbidatzen duten poema biziak.

Tere Irastorzaren hitzaurre bikainaren ondoren irakurlea Jon Iñakiren mundu izpiritual magikoan sartzen da. Eta olerki eraikin sendo bezain miragarri batekin egiten du topo, osaba Josemarirenganako afektibitate zintzoari jarraikiz Jon Iñakik bere literaturarekin jaso duena, 78 orrialdetan. Eskerrik asko, adiskide.

No hay comentarios:

Publicar un comentario