Gutariko bakoitzaren bizitza-pelikulako
sekuentzia guztiak oroimenaren arasetara igarotzen dira, errodatu bezain
laster. Eta han, gehienetan, ahanzturaren hautsak estaltzen ditu, oso noizean
behin biz daitezkeelarik erresorteren baten inpultsura. Horren ezean han egongo
dira, gero eta ezkutuago, eta gainerako guztiekin batera betiko itzaliko
dira gurekin, inork ezin baitu beste inoren oroitzapen-biltegiko giltza
erabili.
Erresorte horietako bat izan dut eskuetan
lerro hauek izkiriatzeari ekin aurretik: hamabost urte nitueneko ikas-koaderno
bat, nik neronek jasotako matematikako apunteekin beteta. Eta aitortzen dut,
garai hartako nire hizki mota ezagutu dudalako onartu behar dudala apunteak
nireak zirela, ikasi (?) nitueneko eragin bertsuarekin zeharo zokoratuta
gertatu baitziren une haiek oroitzapen-biltegiko arasarik galduenean. Eta nire
baitan ez da ezer geratzen koadernoko elipse, bisektriz, logaritmo neperiano,
deribada, funtzioen produktu eta abarretik. Bizi izan ez banitu bezala.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina