BILATU

ekaina 19, 2017

LAPURREKIN BUELTAKA



Esaten dut nik esku zuriko lapur espainiarrek ez dutela literatura laket. Jardiel Poncela antzerkigileak aspaldi-aspaldi utzi zuen idatzita "Lapurrok jende ondratua gara", lehenik antzokietan eta geroago zine aretoetan egundoko arrakasta izan zuena. Ez dirudi, ordea, inoren ondasunetarako zaletasun ez osasuntsu markatua erakutsi duten txorizo guzti horiek aipatu obra literarioaren hariak nondik jotzen duen dakitenik, ezta - noski- euren buruei aplikagarria izan ote daitekeen inoiz pentsatzeko bidea aztertu dutenik ere. 

Bada, gizon, ekintzaren ondorioz harrapatu bazaituzte... zer egingo dugu! Pena da baina aitortu behar duzu zorte txarra izan duzula, gutxien espero zenuenean huts egin duzula, eta orain gaizki egina ordaintzea dagokizula. Nahi baduzu, kontrizioko oinazea onartuko nizuke zigorra arintzeko; areago, zuzentzeko proposamena azalduko bazenu prest nengoke - lapurtutakoa itzuli ondoren, hori bai- zigorra ziega eroso batean eman dezazula onartzeko. Ikusten duzun moduan, esku zabal izan ninteke zurekin.

Baina, jakina, lehenik aitortu behar duzu eskua luze joan zitzaizula eta, baietz, patrikara eraman zenuela zurea ez zena.  Aitzitik, Granados, Messi, Lopez Madrid, Ronaldo (badakit futbolista horiek ez direla espainiarrak, baina bai horien iruzur multimiloikoa txalotzen dutenak), Aurrezki Kutxen erreskatearengatik 60.000 milioi euro ordainarazi dizkigutenak, Urdangarin, Gonzalez, Barcena, Crespo...eta jendilaje horren antzera, bistakoa ukatzen segituko bazenu nik bizitza osorako kartzela eskatuko nuke zuretzat, ostutakoa inoiz agertuko balitz ere. 

Dena den, ahaztu esandako guztia,  ni ez bainaiz justizia andrea.

Argazkia: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina