BILATU

lunes, 24 de octubre de 2016

ADISKIDEAK, METODOLOGIKOKI?

Aitortzen dut gaztea nintzela autolaguntzarako liburu bat erosi eta irakurri nuela. Bai, badakit hori ez dela bekatu baina egungo perspektibatik begiratuta, arina den arren hustzat daukat bizipen hura nire kontzientzian.

Hasi beharko nuen adierazten liburu guztiak  irakurlearen laguntzarako daudela eginda, modu batean edo bestean energia ematen baitute, zeinu eta intentsitate desberdinekoa bada ere. Baina, behintzat niri iruditzen zait, autolaguntzarako autodefinitzen diren liburuak jatorrizko bekatuarekin jaiotzen zaizkigu, sortzeko unean bertan markatuta.

Nik  hamazortzi urterekin erosi eta irakurri nuena Dale Carnegie amerikarraren "Cómo hacer amigos e influir en la gente" izan zen. Ordurako metodoaren asmatzaile dolarretan milioiduna betiereko deskantsuan zetzan, lur planetan utzitako hilkorrok adiskide eta adiskidetasuna hitzekin jolasten ginen bitartean.

Urteen eskarmentuak diostanez, ordea, adiskide eta adiskidetasuna ezin da buruarekin mugatu. Askoz gehiago da. Gaurko koordenadetara eramanda, adibidez, Facebookeko lagun guztiak ezin daitezke adiskide  izan. Eta hiru ehun orrialdetan adiskideak nola egin sartzerik balego pikutara joango litzateke pertsonaren nortasun erakuslerik bikainena: bihotzaren deiari segitu ahal izatea. Eta adiskideak bihotzekoak dira, ala ez dira adiskide izango.

Argazkia: JMVM

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada