BILATU

lunes, 5 de septiembre de 2016

USAINEKIN OROITUZ

Iragan uztailean zendu zen Karlos Goenaren oroimenez.


Usainek oroitzapenak piztuarazten dituztela irakatsi zitzaigun aspaldi, hain justu Karlos Goena psikiatra jesuitarekin psikologiaren oinarrizko kontzeptuetan barrena egin genuenean.  Adibide praktikoak jartzen zizkigun seguratarrak klasean eta nork bere sentsazioen deskribapena aurkeztu behar zuen gainerako ikaskideen aurrean, iraganeko bizipen bati xehetasunak ipiniz. Horrela jakin genuen usaimenak ikusmenak baino oroitzapen gehiago finkatzen dituela.

 Denoi gertatu zaigu usainen bidez jauzi luzea egitea inoiz gure oroimenean eta batzuetan barne biltze suspergarriarekin saritzen diogu gogoari.  

Lorategiko lore mota desberdinen artean tajeteak dira modu berezian zaintzen ditudanak, batez ere ekaina-iraila  hiletan. Oso lore apaltxoak dira, merkatuko merkeenak agian, baina niretzat adierazpen espeziala daukate: euren usain gozoak nire haurtzaroko udetara garraiatzen naute, hain zuzen ere Arrasateko igeritokira. Bertako ur aska ederraren inguruan tajeteak genituen nagusi eta esku trebe batek goizeko lehen orduan ureztatu ondoren sekulako usain-agur zoragarriarekin errezibitzen gintuen piszina hark egunero. Haurtzaroko udak izan ziren.


Karlos Goena

Tajeteen usain ahaztuezina dela medio urtero errepikatzen ditut une haiek mende erdi luze bat geroago. Eta adierazi behar dut plazera dela berpiztea, unetxo batez bada ere, emozioak eta, zergatik ez!, betiko joan zitzaizkigun adiskideen gaineko sentsazioak.



No hay comentarios:

Publicar un comentario