BILATU

lunes, 17 de agosto de 2015

ERREALITATEA ETA AMETSAK



Bi adierazpen horien artean ondo bereiztea ezinbesteko baldintza dugu bizitzan barrena urrats irmoz aurrera egin ahal izateko. Badira, dena den, biak nahasten dituztenak eta gurpil eroan balebiltza bezala mugitzen dira zer haizek jotzen dituen asmatu ezinik. 

John Kerry estatu idazkari estatubatuarrak La Habanako enbaxada berrireki du eta ekintza horrekin etena eman bide zaio mende erdi baino gehiagoko elkarri  bizkar ematen bizitzeari.  Egia esan, bizkarra ez diote inoiz eskaini, euren arteko liskar luzeak ez baitu ustekaberako zirrikiturik utzi eta aurrerantzean ere horrela izaten segituko du, gizabanakoen arteko harremanetan mesfidantza baita nagusi, eta zer esanik ez tartean politika baldin bada.

Aukerako artikulu laburra idatzi du Fidel Castrok Granma egunkarian, errealitate eta ametsen bueltan. Idazkian Fidelen ameslari erraldoiak ez die bereei uko egin, nahiz eta abaguneko errealitateak modu desberdinez marrazten duen bi estatuen arteko erlazio-markoa. Kubako agintariek ez daukate lan makala, eguneko baldintzak betiko amets iraultzaileetara egokitzeko. Gai izango ote diren beste gauza bat da. 

Fidel Castroren sinadura
Gizaki guztion aldeko borroka neurrigabean Kubako iraultzaren lorpenik txikienak haren aldeko iparramerikarren urratsik sendoena ere garaitzen du, ene ustez. Gizon-emakumeen askatasun integralerako kubatarren aldarrikapena ametsaren hurrena izan daiteke baina nahiago dut hori estatubatuarren sasilibertateko errealitate gordina baino. Horregatik diot Karibeko uharteko hiritarrei oso zaila  gertatuko zaiela dutena eta izan nahi luketenaren arteko oreka aurkitzea. Itun guztien gainetik,  jarraitu beharko da amets egiten.



Argazkiak: Granma egunkaria

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada