BILATU

lunes, 12 de enero de 2015

ERLIJIOAK ASKATASUNETIK BIZI BEHAR



Aste mugitua gertatu da aurrekoa, gehien bat sentimendu kontrajarriei begira, bat ere dudarik gabe kontzientzietan eragin baitu indar bereziz Parisen jazotakoak. Egia da Bagdad edota Kabuleko erailketek zirrara txikiagoa sorrarazten digutela eta hori, esango nuke, bi arrazoi nagusirengatik izaten da. Alde batetik distantzia geografiko eta erreferentziala eta bestetik ohikeria. 

Parisen, Madrilen edo Arrasaten egunero pairatuko bagenitu atentatuak, heriotzen aurrean gero eta intsentsibleagoak  izango ginateke.  Pertsonen heriotzak, denak, berdinak badira ere bakoitzaren oihartzunak dezibelio fisiko eta emozional desberdinekin jotzen gaitu. Eta sentimenduaren iturri ahitugarrian zerikusi handia dauka gertaeren maiztasunak: zenbat eta ohituagoak egon, hainbat eta dardara ahulagoa ematen da pertsonaren baitan.

Baina barkatu: ez nuen hildakoen aurrean pertsonak psikologikoki nola erreakzionatzen duenaz idatzi nahi. Nik adierazi gura nuena zen, erlijioek behin eta berriz erakusten digutela gizakion inbentoa direla. Eta haiek defendatzen duten jainkoaren izenean hiltzea edo, sinpleago, inoren aurka aritzea, hain justu, jainko horren existentzia bera ukatzea da. Edozein maximalismo ortodoxo antzurekin bezala, ondorio deitoragarria pizten du intolerantzia erlijiosotik ideiak ezarri eta inposatu nahi izateak. Hori, lehen, orain eta beti. Erlijioak askatasunetik bizi behar dira, erlijioak izango badira.

Argazkiak: Fernando Martinez de Eredita 
Gaiarekin lotuta: http://txemax.blogspot.com.es/2013/08/erlijioak-eta-militarrak.html
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada