BILATU

lunes, 3 de noviembre de 2014

AMAREN ESKUTITZAK


1938ko eskutitz bat, zentsura militarrak baimendua

Nire amak oso gauza gutxi kontatu zidan 1936-39ko gerrari buruz.  Sufritutakoaren oroitzapenean ez zebilen eroso eta  aldi latz hartako gertaeren gaineko nire galderei aukera gutxi ematen zien. Askoz gehiago dakit nire kabuz ikertutakoari esker, amarengandik jasotako erreferentziaren bidez baino, nahiz eta hark modu zuzen eta krudelean bizi izan zituen. 

Lehengo astetik, ordea, familiaren gaineko nire ezagutza handitu egin da amari esker ... nahiz eta bera 2.000 urtean hil zen. Ustekabea eskutitz eta argazki batzuen bitartez heldu zait, ama eta izeba nituenek Angelita Loidi Bizkarrondo adiskide errenteriarrari Cambo eta Perigueuxeko  erbesteratzetik igorrita. 1937-40 bitarteko esku izkribu haiek Loidi sendiaren artxiboan egon dira, ahaztuta, eta  zorioneko kasualitate batek agerian ipini ditu.
 
Angelita Loidi Bizkarrondo
Eta amak  zuzeneko eran eskaini  dizkit orduko bere berri eta iritziak, nahiz eta niri zuzenduak ez ziren karta haiek. Baina balio berdina dute. Loidi Bizkarrondo sendiak gordetako eskutitzen bitartez bizi ahal izan ditut nire amarekin, bere anaia fusilatu zuteneko aurreko orduak. Frantzian aurkitu zuten hoztasunaren hurrena ukitu dut nire atzamarrekin eta erbesteratze guztiek dakarten bizipen mingots eta garratza dastatu dut, lehen pertsonan. Eskutitz guzti haiek zentsura militarra igaro behar izan zuten.

Artxibategiko apaIen batean ordudanik isilik egon ostean,  idazki eta argazki horiek gerrako nire senitarren oinazea hurbildu didate. Eta sinadurako Begoña izenaren ondoan duela laurogei urteko malko baten itzala antzeman dudala iruditu zait.

No hay comentarios:

Publicar un comentario