BILATU

lunes, 9 de junio de 2014

EL JUEVES ERE BURU MAKUR



Oasi txiki bat genuen El Jueves. Eguneroko albisteen atzealdeko aurpegia antzeman genezakeen asteazkenetan publikatzen den aldizkari satiriko eztengarrian. Baina iragan asteko zenbakia beranduago kaleratu zen, aldizkariaren jabea den RBA argitaldariak azken unean portada aldatzea erabaki zuen-eta. Zergatik? 

Zarzuelako jauregiko maizterren borondateak maneiatzen dituztenei ez bide zitzaien gustatu portadan ikus zitekeena: semearen burura koroi kirastua igarotzen ari zen aita. Eta zuzeneko bidea hartu zuten monarkiaren defendatzaile sutsuek: RBA mehatxatu, auskalo nola eta zerekin. Ondorioa: kaleratzear zegoen edizioa erretiratzea. Hau da, adierazpen askatasunari beste ostikada  bat ematea erabaki zuen enpresak.

Zarzuelako koroia ez ezik gortinak, altzari eta tronuko gelaren tximinia bera ere ustelkeriaren ukituaz apainduta daudela errealitate borobila denean, egia ezkutatzea al da bidea? Gertatuko al da, Franco jeneralarekin bezala, laster historiako liburuetan borboia demokraziaren paladintzat hartuko dutela? Astean komunikabide "serioetan" azaldu denari erreparatuz horretara eta gehiagotara ere prestatu beharko ginateke. 

Baina itzul gaitezen El Jueves-era. RBAren  deliberamenduak  aldizkariaren orain arteko  independentzia-izpia amatatu du. Mehatxupeko erabakia izan den arren, askatasunezko errainu duin bakarrenetakoaren amaiera iritsi delakoan nago.  Eta aurrerantzean informazioko desertuan oasi gutxiago izango dugu, hots, askatasunaren egarria asetzeko iturri egoki gutxiago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada