BILATU

lunes, 10 de junio de 2013

ARGAZKI ERAKUSKETA ADIERAZGARRIA



  

Argazki bilduma interesgarri bat daukagu egun hauetan ikusgai Arrasateko Kulturaten. Garbi dago  interesa piztu duela, inauguratu aurretik polemika piztu baitu edo bederen batzuek horixe ireki nahi izan dute. Baina jakina den moduan, bik ez dute eztabaidatzen  batek ez badu nahi.

"Zezen festak Arrasaten, XVI-XX mendeak" liburua argitaratu du Ana Isabel Ugalde Arrasate Zientzia Elkartekideak, eta horren harira prestatu da argazki erakusketa. Ene ikuspuntutik, oso erakusketa erakargarri bezain adierazgarria da. Ikustea merezi duten horietakoa.

Edozein herriren erretratu bildumarik zintzoena bere biztanleek  denboraren joanean eskainitakoa da. Garaiak aldatzen doaz gu emakume eta gizakumeok horrela eragiten dugulako. Eta soziologikoki zeharo garrantzitsua da gizartearen bilakaera behar bezala aztertzea, nondik gatozen, zer garen eta norantz apuntatu beharko genukeen iragartzeko. Hori egiten ez duen kolektiboa abiapuntu ez egokitik  ari da lan egiten. 

Duela hirurogei urteko gizarte osoa gertaera baten inguruan  erretratatuta ikusteak - berdin dit oraingo erakusketa honen gaiak edo beste edozeinek- klabeak eskaintzen ditu gure iragana nolakoa izan zen hobeto ulertzeko, zein baldintzatan bizi ginen gogoratzeko eta ordudanik emandako aldaketa neurtzeko.

Urte latzak ziren, grisak, eta gizon eta emakume haien baitan lanak erabateko garrantzia zeukan, euren bizitzaren zatirik handiena hartuz. Aukera gutxi zegoen barre irekirako, izpirituaren askapenerako. Alde horretatik,  nire baieztapen hau idazten ari naizenean nobela bat datorkit burura, arrasatear gizarte haren erradiografia gordina egiten duena, hain zuzen: “Donde el hierro se hace luz” (1960),  Unión Cerrajeran lan egin zuen Jose Alberto Marinena. Zintzotasun gardenaz deskribatzen du egileak giro itogarri hura. 

Erakusketa honetako argazkiek -Bentxes ahaztu ezinak lortuta- gristasun hartatik atera nahi zuen giza kolektibo bat dakarkigute gogora. Politiko, eklesiastiko, kultural eta sozialki preso zegoen arrasatear gizarteak barrea zuen amets. Eta edozein aukerari heltzen zion erabateko askatasun egarri hura asebetetzeko.  Horregatik, barrea da nagusi erretratuetan. 

Argazkietako milaka pertsonen artean agertzen ez naizen arren, erretratatuta ikusi naiz. Berun koloreko gizarte hartan hazi eta hezi ninduten eta horrexegatik dakit nola aldatu garen. Premiak egin gintuen askatasun izpiritualerako borrokalari. Hirurogei urte geroago, aitzitik, oraingo gizartearen barrea artifiziala da. Betekada materialaren seinalea dugu hori.

5 comentarios:

  1. ....ezin ikusi dezaket oraingoan.

    onak izan...

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Erakusketaren argazki bilduma guzti-guztia duzu Ana Isabel Ugaldek idatzitako liburuan.

      Eliminar
  2. Josemari, bihotzez eskerrik asko!
    Elkar lanaren bitartez egindako lan kolektiboa da hau eta, zuk, ere zure ekarpena egin duzula badakit. Herri mailan gauza ezberdinak eta erakargarriak egiteko gogoa du AZEk eta, badakit, zu parean izango zaitugula.

    ResponderEliminar