BILATU

lunes, 24 de junio de 2013

JUAN BAUTISTA AZKARATE “MONDRAGONES”: (100 + 22) URTE (BIDEOA)



Mondragonés, sasoi onean

Gaur, San Juan egunean, 122 urte beteko zituen “Mondragones” pilotari erraldoiak. Eta bideotxo bat prestatu dut, bere irudi batzuekin eta - Olaizola-Azkarate sendiari  eta  Sancho el Sabio Fundazioari esker- eskuratu ahal izan dudan partitura baten kalejiraren musikak girotuta. Ehun eta hogeita bi (100 + 22) urte; Juan Bautista handiak beste partidu bat irabazi izan balu bezala. 

Artean ume bat nintzela “Mondragonés” ezagutu nuenean nire aurrean irudi mitikoa neukala ohartu nintzen. Gaixorik zegoen arren, gizon hark indar berezia transmititzen zuen eta inguruan zituen lagunek begirune osoz begiratzen zioten, beren atzean arrasto ezabaezina utzi duten pertsonaia horietakoei eskaintzen zaien antzera. Juan Bautista Azkarate Egaña horixe genuen, Euskal Herriak emandako kirolaririk esanguratsuenetakoa, bai kirol marka handiengatik eta baita txapeldun zintzo eta apal izateagatik ere.


Omenaldia Mondragonesi: 1939-06-11, Donostian


“Mondragonés”ek hamarkada beteko historia egin zuen pilota munduan, 1917-1927 bitartean jaun eta jabe izan baitzen kantxa guztietan. Arrasateko izena eraman zuen ohore osoz kirol praktikan zein bizitza arruntean ere. Bere jaioterriak omenezko keinu bat izan zuen berarentzat 1934an eta oraindik Zaldibarko frontoian ikus daitekeen plaka eskaini zion: 

“Azkarate ta Egaña tar Jon B (Mondragones) pilotaririk aundien, gogorren eta gogotsuenari, bere jayoterriak. MCMXXXIV Urtean” 

“Mondragones” 1965eko apirilaren 11an hil zen, bere jaioterrian.  


Partituraren aurrealdea

Bideoa alaitzen duen musikaren partitura  Bergarako Gonzalez anaiek sinatuta dago, 1933ko irailaren 17an. Garai hartan Bergarako Udal Musika Bandako zuzendaria Ignazio Gonzalez Escala zen. Eta horren semeak Jose Maria (1908) eta Migel (1920) Gonzalez Bastida musika munduan izen handia  egin zuten. Izango al ziren bi anaia horiek “Mondragones” kalejiraren egileak? Baietz esango nuke nik, Jose Maria 1933rako Hernaniko Musika Bandako zuzendaria baitzen. Eta urte horretarako Migel Bergarako Bandako kidea genuen. Beraz, posible oso da bi anaiak egileak izatea. Partituraren aurrealdean irakurtzen da: “Al pundonoroso pelotari J.B.Azcarate. Mondragonés. Pasacalle vasco para piano a 2 manos. Por los Hermanos Gonzalez” 




Kalejiraren aitatasuna zalantzan egon daitekeen arren, bideoan entzuten den doinua Eugenio Etxebeste adiskideak ahalbidetu dit, partiturako notak digitalizatuz. Esker mila.

Bideoa: 


2 comentarios: