BILATU

lunes, 5 de diciembre de 2011

IÑAKI PERURENA



Peru-Harriko baserrian

Aitortu behar dut ez naizela herri kirol zale handia. Eta inoiz idatzi dudan bezala, euskaldun atipikotzat daukat nire burua, ez bainaiz ohiko tipologiaren mugetara egokitzen. Begira: elkarte gastronomikoek ez naute betetzen, arraun estropadek jai daukate nirekin eta pilota partidu baten eta arratsalde eguzkitsuko ibilaldiaren artean bigarrenaren alde egiten dut beti. Bertsolaritzari dagokionez, nahiago dut bertsoak etxean lasai irakurtzea plazan bertatik bertara entzutea baino. Harri-jasotzaileak, aizkolariak eta abar estetikoki baloratzen ditut gehiago norgehiagokan buru dezaketena baino.

Baina hori adierazita, esan behar dut Iñaki Perurenarekin hitz egiteko irrikan egon naizela aspalditik. Berarekin mintzatu eta darion gizatasunaren dosiren bat dastatu, horixe zen helburua azaroaren azken egunean Leitzarantz abiatu naizenean. Eta Peru-Harri bere lur-eremu zabal eta harrigarrira igo garenean Iparraldeko haizeak ez du solasaldia hoztu. Euskonews aldizkarian argitaratuko dut hil honen 23an Iñakirekin izandako elkarrizketa bat. Normalean egiten dudan ez bezala, elkarrizketatuari ez nion aldez aurretik galdeketa igorri. Naturaltasuna nahiago zuela adierazi zidan.

Peru-Harriko eskultura baten ondoan
Iñaki Perurena euskal herri kiroletan sekula izan den pertsonaiarik adierazgarrienetakoa dela adieraztea ez da arriskatzea. Beraz, herri kiroletako gizakumerik eraginkorrena dugula sinatuko dut. Kirolari gisa eta, horren ondorioz, gizarte eragile moduan uhin desberdinetan gure herriarenganako arreta piztu duen pertsonaia dugu leitzarra. Gai izan da herri kirolarien gaineko topikoak hausteko eta hamaika ikasgai eskaini ditu, han eta hemen, herriari zor zaion zintzotasun eta onestasunaz. Berezko buru argitasunak gidatua, harriaren bidez herriari heldu dio zentzu zabalean, eta bere soin-neurriekin bakarrik aldera genezakeen eskuzabaltasuneko erakuspen jarraikiarekin dotoretu ditu euskaldunon hainbat eremu.

Lerro hauekin bi adibide eder doaz, iruditan. Bideo batean, Jose Migel Barandiaran zenari buruzko bat bateko nire galderari ihardetsi zion, buru eta bihotzez. Bigarrenean, Iñaki Perurena hurbileko bere egitasmo batez mintzatu zitzaidan.



2 comentarios:

  1. Ados nago zurekin. Ez dugu Iñaki Perurena baloratzen merezi duen bezala, eta iritsiko da eguna konturatuko garela zenbat aportazio egin dizkion gure kulturari.
    Besarkada handia,

    Joxefe

    ResponderEliminar
  2. Hala da Joxefe,ekarpen ederra egin baitu. Eta oraindik ez zaio iturria agortu. Besarkadarekin,
    Josemari

    ResponderEliminar