BILATU

maiatza 16, 2011

ZINTZOTASUNA MORRONTZAREN GAINETIK, POSIBLE OTE?


Datorren igandeko hauteskundeen aurrean, egunkari baterako iritzia eskatu zidaten, nire herriko udal-talde berriari zer eskatuko niokeen adierazteko. Erantzunean ez nuen balio materialeko ildoetatik jo, gutxien balio duen faktorea delakoan nago-eta. Hauxe botepronton adierazitakoa:

“Ez dakit aurrekontuko diruaz lor daitekeenik nik eskatuko nukeena: ardura publikoa hartuko dutenen kargua herritarrentzako hurbila egitea. Gero eta urrunago ikusten ditut behin kargura helduz gero. Ondorioz, errealitate hori egunero egiaztatzen dugu herritarrok udal-kudeaketa osoan. Udala esklerosizatu egin da, zurrundu, eta sentsazioa daukat gero eta konplikatuagoa dela udal-egitura adeitsua, adikorra bihurtzea.

Korporazio berriari gestioan freskotasuna eskatuko nioke, hau da, irudimena erabil dezatela, arinkeriarik gabeko irudimen partizipatiboa. Eta parte hartzeak suposatzen du siglarik gabeko lankidetza, hots, hauteskunde kanpainan hainbeste aldarrikatzen den “herriaren aldeko” helburu hori, alderdi politiko eta sindikatuen morrontzatik aske bideratzea. Azken finean, hiritarrok pertsonak gara, gure betebehar eta eskubideekin, eta horiek lau urtean behin baino maizago islatu behar dugu, egiazko demokrazian biziko bagara”

Tokiko administrazioari dagokion hausnarketa txiki hori, herrialdeko edota beste edozein motatako administrazioaren konplexutasunari aplika liteke samur asko, zertzelada multzotxo apur batekin aberastuta.

Oinarrizko exigentzia, beste edozeren gainetik ondratasuna da, kargu publikoen zintzotasuna, hain zuzen. Ez dezatela eskua zikin. Pentsa dezatela uneoro gutxien uste dutenean legearen zama eror litekeela euren gainera... Nahiz eta, daukagun zirko politikoaren karpa azpian, legea hanka artetik pasatzen den askotan, administratuok ergel aurpegiarekin uzten gaituzten bitartean. Baina, ni behintzat eskatzeagatik ez naiz isilik geratuko.

Eta administratzaile publikoentzako gainerako eskakizunak koordenada kartesiarren ordenatu eta abzisa-ardatzetako balio bakarretik pasarazten ditut: zintzotasunetik. Gauza asko ez dakit nik geometriaz, eta ez nago oso seguru hori posible ote den. Horregatik, nik ere galdera egiten dut: Ezina al da, kargu publikoek teorian bederen defendatzen duten herriarenganako zintzotasuna, bakoitzaren alderdiarenganako morrontzaren gainetik jartzea?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina