Sinets iezadazue, inguratzen gaituen munduari erreparatuz txundiketarako nire ahalmena agortzear dagoela aitortzen badizuet. Mafia ala demokrazia eslogana modu mafioso samarrean- Ayuso elebakarduna buru- oihukatzen zuten milaka ustez demokraten oldar beldurgarritik aldendu guran autobusean sartu nintzen etxerako bidaia goizeko freskuran egiteko. Giza-uhin nahastaile kiratsgarri eta arriskutsutik urrun, eguneko prentsa errepasatzeari bildu nintzaion, eta albiste deigarri batek harrapatu ninduen.
Zezenketak zen gaia, eta Andaluziara
ninderaman albisteak. Erkidegoko Juntak baztertu egin bide du, umeak
zezenplazetara sar daitezela debekatzea eskatzen zuen oposizioaren proposamena.
Hori ez zitzaidan hain deskolokatzaile iruditu, ohiko joko politiko errenean
normaltzat jo baitezakegu gobernu-oposizioaren arteko adostasunik eza. Argudioa
zen, aldiz, jokoz kanpo utzi ninduena: Juntak dioenez, zezenketa eta antzerako
espektakuluek animaliekiko begirune eta kontzientzia modu positiboan garatzen
dute umeengan.
Ahoa bete hortz geratu nintzen. Baina aurki
gogoratu nuen zerk eraman ninduen goizeko lehen orduko autobusa hartzera:
eskuineko oldarrarekin kalean ez aurkitzea. Eta Madrilgo erakuspenaren
deitzaileen soka bereko gobernukide andaluziar faxistoideek, espainiar
aberri-balioen berreskurapeneko gurutzadan buru belarri sartuta, hezkuntza
sistema baliatzen dute tauromakiarako zaletasuna haurrengan piztarazteko.
Animaliekiko enpatia indartzen duela zezena
nola torturatzen eta hiltzen den ikusteak? Otoi! Animaliekiko krudeltasuna
normaltzeak giza-bizitzarekiko gutxiespenerako lehen urratsa ekar dezake… eta
dakar.
Argazkia: The conversation
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina