BILATU

apirila 24, 2023

UKITU DAITEKEEN ADISKIDETASUNA

 “Facebook bidez bakarrik ikusten zaitut!” aspaldi bat egiten ez genuen adiskide batek esan zidan lehengoan kalean. Haren adierazpenak pentsarazi zidan, lehenik eta behin baieztapena apur bat gehiegizkoa izan zitekeelako, eta gero ez dudalako uste ona denik harremana soilik birtuala izatea.

Badira norbanakoak facebooken ere ikusi nahi ez zenituzkeenak, eta derrigorrez pairatu behar dituzu. Baina sare sozialetako zirrikitu bihurrietatik zure etxeraino sartzen diren pertsona horiei mingaina atera diezaiekezu distantzia fisikotik, oraindik behintzat, birtualtasunak aukera ematen baitizu haiekiko deskontsiderazio pixka bat erakusteko, eta gainera auskalo non dauden teoriako lagun horiek mindu gabe. Atejoka datozen guztiak ez dituzu lagun.

Harreman birtuala, besterik gabe, ez zait osasuntsua iruditzen, nahiz eta askotan egoera zailetatik salbatzen zaituen, ez baitzara konprometitzen, nolabait esanda, beste aldean dagoenaren zamari eusteko jarrerara. Hala eta guztiz ere, begietara so egiten uzten ez duten harremanen gainetik, hotzak eta hutsalak izanagatik abandonuaren ataria direnak, nahiago dut praktikatzea, dei diezaiogun, ukipen-adiskidetasuna. Horrek lotailuak koipetzen ditu eta, finean, ibilaldia atseginagoa bilakatzen da.

Argazkia: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina