BILATU

urtarrila 24, 2022

BOTEREA EZ DA BEREZ AUTORITATEA

 


Goizeko kafea hartzen eta eguneko albisteak mugikorrean irakurtzen nituen bitartean, alboko mahaian eseritako adin ertaineko bikote baten elkarrizketak harrapatu nau. Gauza batek harritu nau: ez ziren Covid madarikatuari buruz ari, ezta espainiar borbon exiliatuaren suhi gasteiztarraren gain ere. Boterea zuten mintzagai, botere politiko, ekonomiko eta erlijiosoa.  Euren arteko solasaldiaren oihartzuna garbi iristen zitzaidan, nire aldetik antena ipini gabe.

Deigarria egin zait, botere horiek gure gizartean duten eraginaren errealitatea defendatzeko zerabilten sutasuna. Botere horien batasunak ezarritako ordenarekin bat zetozen, beren ustez, bat egite hori demokraziaren oinarria bera baita. Egia esan, esku hartzeko gogoa izan dut, baina hain gazte ikusi ditut, nahiago izan dudala aukerarik ez ematea “aitona, zu zure gauzei” esateko.

Nire adinekook ezagutu ditugu, ondo ezagutu ere, aipatutako hiru botereak, diktadura gogaikarri batean erabat ezarriak. Horregatik, ezin da nahastu boterea autoritatearekin. Kontzeptu hori ez da hain ukigarria eta izateko modu batetik hurbilago dago. Euki daiteke autoritatea botererik gabe, izan ere autoritatea pisu moralaren zuzeneko emaitza da, portaeran agertzen diren balio pertsonalen multzoarena. Eta autoritate horrek begirune eta miresmena sor ditzake… eta, berez sortu egiten ditu. Boteretik jaiotako autoritateak, aldiz, arbuioa eta gogaitasuna, besterik ez.

Argazkia: legit.ng

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina