BILATU

lunes, 26 de octubre de 2015

PERRETXIKO ZALEAK



Goiz-goizik ateratzen dira basora. Izaki bakartiak bihurtzen zaizkigu, sekretuak konpartitzerik gustuko ez duten horietakoak baitira. Onak eta txarrak  bereizten maixuak dira eta zalantzaren aurrean ez dute arriskurik hartzen. Ziurtasunean aritzen dira, eskarmentu luze eta sakonak gidatuta. Etxe ondoko bazterretan ez ezik inguru arrotzetan ere ausartzen dira, nahiz eta badakiten saskia betetzeko lehia handiagoa pairatu beharko dutela. 

Perretxiko zaleak ditugu, giza espezie apartekoa, bere elementu basatian metamorfosi sakona erakusten duena.

Eta lagun horiei esker, onddo, perretxiko eta zizak baserriko mahaiko osagarriak izatetik gutizia bilakatu dira goi sukaldaritzan. Hamaika errezeta konplikatutan zerbitzatzen dizkigute jatetxe ospetsuetan eta ohiko nahaski xumean ere laudorioak pizten dituzte, jaleen arteko zuhurrenek muzin egin diezaiekegun batera, itxurarik erakargarrienarekin mahairatu arren. 

Udazkeneko  mendi arakatzaile trebeak ditugun perretxiko zaleak euren saltsan dabilzkigu sasoi honetan, eta edozein arrantzale edo ehiztarik bezala beren abenturak azaltzeko prest dituzu – onddo lekuaren kokapena ezik, noski- garagardo edo kafe batek lagunduta. Egin ezazu froga.

Argazkiak: Urtzi Azkarraga


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada