BILATU

lunes, 30 de diciembre de 2013

KLABEA IZAN DAITEKE 2014



Ekonomikoki, izan al daiteke txarragoa datorren urtea 2013 gertatu dena baino?  Ditugun datu eta erreferentziek ez digute  itxaropenerako zirrikiturik uzten eta hodeiertzean ez da ostarterik antzematen. Ongizatezko eraikina lurreratzen ari zaigu, batzuen txaloen  eta gehienon aiene antzuen artean. 

Zor publikoa bikoiztu egin da eta estatu aurrekontuetan  ez dira inbertsio eragingarrietarako aukerarik antzematen. Finantza sistemak ez du laguntzen eta ekintzailetzarako bideak eragozpenez beteta ditugu. Langabezia altuarekin ekingo diogu urte berriari eta enplegua sortzeko bitartekoak hain murritz eta ahalkeak dira non desoseguaren itzala areagotuko da hainbat etxetan. Eta? 

Ba, nork bere zainak ebakitzea zeharo ezegokia izan daitekeenez gero ... arraunei lotuta bizi behar izatea dagokigula; beste irtenbiderik ez zaigu geratzen, txalupa kaira hurbilduko badugu. Baina lotuta ez ezik tinko, gogor eta gogoz heldu beharko zaie arraunei, kontrako haize erauntsiek eta uhin basatiek hondoratuko ez bagaituzte.

Ahantz ditzagun paradisu artifizialeko postalen distirak eta ohi gaitezen errealitate gordinera.  Falta zaigun oinarri sendoko ongizatea etengabeko ahalegin erantzuleak bakarrik ekar dezake. Saia gaitezen, beraz, soberako arropak eranzten eta ildo egokian egongo gara. Urte klabea izan daiteke 2014.





Argazkia: Tere Anda

lunes, 23 de diciembre de 2013

IGELDOK BOST AXOLA NIRI



Goizero bezala kafea hartzera joan naiz eta  nire lagunetako inork ez dit Donostiako komunikabideek lehen lerrokotzat hartutako albisteaz ezertxo ere aipatu. Ez bide zeuden Igeldoren gaineko auziaz bat ere arduratuta! Gutxi gora behera,  ni bezala. "Ardurometro"rik balitz, arazo horretarako nire gradua eta, adibidez, Moskuko hiritar arruntak Kataluniako kontsultari buruz senti dezakeenaren gainekoa antzerakoak direla egiazta liteke. Hau da, zero patatero. 

Gizon-emakumeok libre bageunde uneko  zirkunstantzietara lotzen gaituzten lokarrietatik  beste kuku batek kantatuko lioke munduari. Alperreko jantziez erantziko bagina askoz aberatsagoak izango ginateke gure espazio fisikoan eta libreagoak deliberamenduetako sokan. 

Interesak azalera ateratzen direnean, ordea, zeharo asaldatzen zaizkigu emozioak eta hankaz gora jartzen da zorroztasunerako ahalmena. Nik ez daukat Igeldon intereseko ezer; beraz, bost axola niri, Donostia den ala berezko udal herria. Aldatu behar al dut  igeldotarrenganako nire jokaera horregatik? Ziurrenik, Buenavista jatetxea toki berean egongo da hara noanean, ezta? 

Nork ditu interesak Igeldon? Nortzuk daude interesatuta euskaldunez? Cadizekoak, adibidez? Edo la Picardie lurraldekoak? Gai izango al lirateke Euskal Herria mapan jartzeko? … A! portzierto: interesen arteko tirabirak – gehienetan, beti ez esateagatik- administrazio-zuzenbidearekin konpontzen dira.

Bada, hori.


Argazkia: www.eitb.com

lunes, 16 de diciembre de 2013

ADISKIDE BAT DOANEAN…



Cuando un amigo se va,

queda un espacio vacío,

que no lo puede llenar

la llegada de otro amigo.



Niri astebete batean hiru joan zaizkit. Eta Alberto Cortezen hitzak gogoratu ditut lerro hauek betetzeari ekin aurretik. Hiru lagun joan dira eta beste hainbat ager litezkeen arren haien hutsunea ez du ezerk beteko. Ikaragarri erreala da, heriotzaren fielatoak berezituriko bi aldeetako hangoa hemengoa baino beteagoa dugula aurpegi ezagunekin. 

Joandako lagunek bideko bazterretan utzi dituzte algara, barre, negar eta balentriak oro. Eta aurrerantzean urrutiko oihartzunak bakarrik gogoratuko digu haienganako lotura, gero eta modu etereoagoan. Baina, poemara itzulita, gure artean ere geratzen da ikatz iziotua, errekako ur guztiek itxungi ezingo dutena. Eta horren argitasunean eraikiko dugu, bidea burutzeko geratzen zaigun tartea.



Agur Joxe, Jose Luis eta Fito!

Argazkia: Tere Anda

lunes, 9 de diciembre de 2013

FERNANDO ARGENTARI ZOR DIOT

Musika klasiko deitzen denak ez ninduen oso berandu arte harrapatu. Aitorpen soil eta borobila: aspertu egiten nintzen Tchaikowsky eta Chopinekin, Beatles edota Frank Zapparen musikaren erritmora goza nezakeen alderantzizko proportzioan.

Baina miraria gertatu zen: autoz egunero 200 kilometro egitera behartu ninduen bizitza-aldi batera egin nuen jauzi, eta gidatzeko orduak modu atsegin eta lasaian eramaten lagundu zidan irrati  batekin egin nuen topo: Radio Nacional de España, Radio Clásica. Eta dial hartan musikaren mundu  klasikoa digeritzen ahalbidetu zidan esku lagungarria aurkitu nuen: Fernando Argenta.

Hamabost urte izan ziren. "Clasicos populares" eguneroko saioaren bitartez Tchaikowsky, Chopin, Mozart, Arriaga eta musika unibertsaleko maisu handien musikaz maitemindu nintzen, betidanik british new wave edota west coast-ekoen ekarpenek tiratu nauten antzerako indarrarekin. Eta horren erruduna, hein handi batean, Argenta izan zen, bere modu sotil eta freskoaren sarean harrapatu baininduen.

Irrati kate harekin jarraitzen dut ibilbide luzeetako orduetan. Eta konexio horietan Fernandoren gaineko oroitzapena ekartzen dit maiz musikak, nahiz eta arrazoi administratiboak tarteko duela bost bat urte haren ahotsa ebatsi ziguten.  Orain  betiko itzali da harenganako zuzeneko konexioa, Fernando Argenta hil egin baita. Eta albistea irakurri dudanean, musika klasikoaz dakidantxoa Fernandori zor diodala berraitortu diot nire buruari. Ziur nago, dagoen tokian musika onaren hedapenaz arduratuko dela. Apunta nazatela!


Argazkia: www.rockcircus.net