BILATU

lunes, 8 de octubre de 2012

URRIA EDO BEATLESEN HILA



Duela berrogeita hamar urte hasi zen istorioa eta ordudanik urria hila eta Beatles izena elkarren ondoan doaz nire baitan. Norbaiti gezurra irudi lekiokeen arren, hertsi-hertsirik izan dut "love me do" abestia Liverpooleko mutilek argitaratu zutenetik. Musika hark  -notak interpretatzeko moduak- zerbait berezi sortu zuen nire baitan, ordurarte sekulan igarri gabeko sentsazio atseginak amets egitera gonbidatu ninduena.

Sixties (1990) nire liburuan nioen bezala, BBCk mirariak egiten zituen garai hartan gure arima gaztetxoetan, eta ingelesaren ezkutuetatik barrena joan nintekeelako aitzakian tinko, gurasoei gaueko ordu goxoetan uhin arrotzen bibrapen xarmangarriko diala "lapurtzen" nien. Zorte apur batekin musika bitxi hura entzun nezakeen, gure emisoretan zeharo ezezagun genuena.

Eta nire kasuan bezalaxe beste askorenetan ere, 1962ko urri hartatik musika gureagoa da, tokikoagoa, unibertsalagoa, jatorria zein den axolarik gabe. Hil hartatik Beatlesen xarmak dena inbaditu zuen, munduko zoko guztiak indar berritzaileko olatuak harrapatu zituen eta izpiritu askatzailearen lekuko zirudienari ongi etorria eman genion, zerbaiten esperantzan. Nahiz eta une haietan, guk –gizaxo errukarri samarrok- ez genekien oso seguru zurrunbilo hark nola astindu behar gintuen.

Igaro ginen elizetatik –latinezko kantuekin- eta igande eguerdiko plazako kontzertuetatik –pasodoble eta zarzuela-zati hautatuekin- oilo ipurdia jartzen zigun doinu dardarkaria dastatzera. Eta munduaren erritmoa bera ere aldaeraz genezakeela pentsatzera heldu ginen. Inozotasunaren sintomak agerian.

Ordurarte klasikotzat genuen musikak jipoi ederra jaso zuen eta areto arranditsuetara pasatu zen, zokoratua bezala. Eta elizak zein igande eguerdiko plazako kontzertuak gazteagotu egin ziren, usadio eta gustu berriek espazio zabalak irabazi zituzten-eta.

Mende erdi baten ostean, gogoak dardarazi zizkiguten melodia haietako asko eta asko klasikoen sailkapen sakratuan sartu dira, mailarako igarobidea denborak baino funtsean kalitateak eskaintzen baitu. Eta, nik bederen, klasikoa askozaz atseginagoa daukat duela berrogeita hamar urte baino. Niretzat, dena 1962ko urrian hasi zen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada