BILATU

lunes, 13 de agosto de 2012

MARIA ESATEN DIOTE HAIZEARI

Aurtengo udako gau sargoritsuek, goi tenperaturez gain, ustekabekoak ere ahalbidetu dituzte eta horietako bat gertatu zitzaidan lehengo ostiral-larunbatekoan, termometroak errekor mundialak hautsi ondoren iluntasunak zekarren haize pittintxoa lagunekin dastatzen ari nintzela. Uribarri Ganboa oso herri txikitxoa da eta dozena bat adiskide bertako gune bakar batera biltzea ez da normalean ematen. Baina hantxe ari ginen, kontu kontari, oroimenak berehala ahazten dituen aurreko udetako hotz-beroak gogora ekartzen.

Halako batean bi mutil gazte ezezagun azaldu ziren, urduri oso, besoetan lore ontzi handi bana zekartela, eta gure aurrean aparkatuta zegoen auto batera hasi ziren kargatzen ontziak, haien tamainarengatik nekez sar zitezkeenak. Urduritasunak ez bide zien laguntzen eta gutariko batzuk hurbildu gintzaizkien esku bat luzatzeko asmoz. Eurengana heldu baino lehen konturatu ginen ontziak lapurtzen ari zirela. Ez zuten espero, jakina, euren gaiztakeriaren testigurik izatea eta zeramatena bertan uzteko agindu genienean, urduritasunak goia jo zien. Maletategia gaizki itxi ondoren ziztu bizian atera ziren euren autoan. Noski, matrikula hartzeko aukera izan genuen. Baita hartu ere.

Maletategia oker ixteak ontziko landareak txikitu zituen eta lurrean geratutako hostoek ekarri ziguten hurrengo ustekabea: marihuana zen. Beraz, deabruaren haizeak eraman bailuen atera zen autoak karga berezia zeraman. Eta galdera nagusitu zitzaigun: herriko nor zen haien jabea? Erantzuna bilatzeari ekin genion; samurra zen: ontziak zeuden tokitik autoa aparkatuta zeukatenerainoko tartean lapur urduri gazte iheslariek utzitako arrastoaren alderantzizko bideari jarraikiz... ezagutu genuen zein den bere ortuan maria ezkutuan hazten duen herrikidea.  Zer egin? Abisatuko genuen bere etxean gertatutakoaz? Emango genion autoaren matrikula?

Biharamunean, egun argiz hobeto aztertzen bide dira arazoak, lapurketaren lekuko zuzenok adi-adi egon ginen, ezer aipatzen ote zen gertatutakoaz. Baina inork ez zuen herrian ttinttik ere adierazi gaueko pasadizoaz, ezta interesatuak ere. Eta guk ere nahiago izan genuen isilik egotea, nahiz eta bi gazteak jabetza pribatu batera sartu ziren, hiru bat metro altuerako ormaren gainetik. Delitua, beraz.

“Paint your wagon” (Izenik gabeko hiriaren legenda) pelikulan bada abesti zoragarri bat, “They call the wind Maria” tituluarekin. Larunbat goizaldeko bi mutil ebasleren ihes zazpikia ikusita, maria-ko ontziekin autoan, une hartan genuen haize epel apurrari keinu aldrebestua egin ziotela esango nuke. Izenik jarriko ez diodan herrikidea, berriz, haizerik izan ote genuen ahaztuta, sutan jarriko zen lapurketaz ohartutakoan. Eta pelikulako urre bilatzaileen antzera, nik ere aurrerantzean Maria deituko diot gau sargoritsuaren  haizeari.

No hay comentarios:

Publicar un comentario