BILATU

apirila 25, 2022

GEZURRAK

 


Ameriketako Estatu Batuetako Unibertsitate batek - izena ez dut gogoratzen eta gainera ez dator harira- gizon-emakumeok gezurrak esateko dugun erraztasunari buruzko ikerlan zientifikoa publikatu berri du. Eta tesiarekin geratu naiz apur bat jokoz kanpo, izan ere zientzialariek diotenez berrehun bat gezur esaten ei ditugu eguneko. Askotxo irudituko litzaidake baldin eta egoera normal batean biziko bagina.  Edozein modutan, badirudi, berez, gezurtiak garela.

Jakina, badira mailak gezur moten artean baina denek dute helburu berdina, gezurraren mugaketa egiteko aspaldi-aspaldi erakutsi zigutenarekin bat datorrena: pentsatzen denaren kontrakoa adieraztea, engainatzeko asmoz. Gezurra izango bada derrigorrez solaskidea - bat edo milioika pertsona- engainatu nahi da, arrazoi batengatik edo bestearengatik. Eta engainatzea besteari minik egin gabe suerta badaiteke ere - aitorlekuan bekatu arintzat hartuko lituzke apaizak- goi portzentaje batean nork bere burua defendatu edo laguna kaltetzeko bota daitezke; eta horiek, psikologikoki eta fisikoki neurtuak, larrienak ditugu.

Harrigarria ere egin zait datu hau: ikerlanaren arabera, gezurretako %51 adiskideen artean botatzen dira eta %21 sendian. Egia ote? Eta egia ez bada... gezurra al da? Ikerketa zientifiko burutsu horrek azaltzen ez duena da, sartuta gauden albiste faltsuen jario amaigabeko kopuru zenbatu ezina gogoan eduki duten ala ez bataz besteko indizea kalkulatzeko. Baiezkotan lasaixeago geratzen naiz. Areago esango nuke: gutxi iruditzen zait egunean pertsonako 200 gezur. Ahaztuko al zituzten kalkuluan Putin, Le Pen, Macron eta enparauen gezurrak?

Argazkia: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina