BILATU

lunes, 28 de marzo de 2016

EUSKARA DA NIRE ABERRIA


Zalantza izpitxoren bat gera dakidakeen arren,  uste dut euskara dela nire aberria. Hirurogeita sei urteko bizitza ibilbide bihurri samarrean aberri desberdinez teorizatu dut eta ez naiz emaitzarekin sekula gustura geratu. 
Aitortu behar dut sentsazio gazi-goxoek hartu dutela toki nigan gogozko espazioa definituta neukala iruditu zaidan bakoitzean,  aberria mugatzera nindoan guztietan  okerrerako bidea hartzen ari nintzelako usteak gainezkatzen baininduen automatikoki.

Barne sentimenduekin erlazionatzen dut aberria. Port Bou-Finisterre-Tarifa edota Balmaseda-Tutera-Bidaxune hiruangeluek mugatutako aberriek ez didate ezer esaten. Aspaldi galdu nuen horien gisakoetarako inozotasuna, artifizialegiak iruditzen baitzaizkit, nonbaitetik inposatuak balira bezala. Eta aberria kontzeptu irristakor helezina denez, artifizialtasunak alperrekoak zaizkio. 


Ahalegin askoren ostean, uste dut amaierara iristen ari naizela: euskararekin erlazionatzen dut nire aberria. Edo euskararen mugek marrazten didate horren esparrua. Nire aberriak ez dit minik sortzen, diru-aberri, erlijio-aberri edota aberri politikoak sarri egiten duten moduan. Bakean bizi naiz nire aberrian; pena apur batekin, hori bai, osasun hobea nahi bainuke berarentzat, baina ama gaixoa maite dugun bezala nire aberria ere indar osoz maite dut. Gure artekoa zintzotasunezko istorioa da, ez baitiogu elkarri engainatzen.

Argazkiak: Tere  Anda, JMVM
 

lunes, 21 de marzo de 2016

KONTZILIAZIOA



Hitz horrekin ulertzen dugu bi pertsona edo elementu bateragarriak bilakatzea. Eta horixe da, hain zuzen,   eguneroko solasaldietara indarrez sartu zaigun gaia. Kontziliatu behar dugu lan bizitza eta familiarra, diogu gero eta konbentzimendu handiagoarekin. Eta badirudi ideia horretan adostasuna dela alde guztietatik, baina... 

Kontziliazioa nork bere aldetik hasi behar duelakoan nago.  Lehen-lehenik gutariko bakoitzak aldatu behar du bateraezintasunerako genea. Orain arte gizarteak aintzakotzat hartu ez duen balorea, egun batetik bestera oinarrizko eskubideen artean sartzea amets hutsa da. 

Baina  asko gara zeharo konbentzituta gaudenok eskubide
naturaletakorik funtsezkoena bihurtu beharko litzatekeela kontziliazioa, lan (edo lan eza)ren eraginez giza kolektiboaren erabateko alienazioa emango ez bada.
Gure biloben hazkundearen bertatik bertako lekukoak garen aiton-amonok ikusten ari gara zein aberasgarria den haien eta gure arteko harreman afektiboa. Hain zuzen ere, klase aktiboko partaideak gineneko arrazoi subjektibo mordo batengatik, gure eta seme-alaben artean gauzatu ez zena.

Horrexegatik, ez al da garaia bilobekiko hartu-emanetan modu naturalean lortutako satisfazioaren hazia, seme-alaba eta gurasoen arteko zirkuluan eragiteko? Helburua ez da samurra, baina abiatu gabe ez dago inora heltzerik.

Argazkiak: