BILATU

lunes, 7 de marzo de 2016

DEMOKRAZIAREN BILA



Europa demokratizatu behar dela entzuten ari gara    hedabide batzuetan, ez guztietan. Badirudi hiritar askok - gehienok garela esatera ausartuko nintzateke- Europari buruz dugun kontzeptua oso urruti dagoela Bruseleko politika-lapikoan mamitzen ari denetik.  Eta bata bestearen arteko desberdintasuna - gap deituko liokete europar funtzionario burutsuek- handitzen ari da egunez egun. Une hauetan Espainako alderdi politikoen arteko desenkontrua eskuetatik ihes egiten ari zaigun Europa politiko presoaren islapena hutsa da.

"Le Monde Diplomatique"ko Ignazio Ramonetek zioen elkarrizketa batean,  enpresa eta finantza botereek euren nagusitasunari euts diezaioten dagoela diseinatua Europar Batasuna. Eta politikarako balizko margena zeroren hurrena dela azpimarratzen zuen. Ramonetekin bat nator adieraztean Europako hiritarrek bizkarra eman diogula europar proiektuari. Erresuma Batuaren kapitulu lotsagarri berriaren ikusle pasiboak izan gara eta tabernako negoziaketa horretaz hiritar arruntetako inork ez duela ezertxo ere ulertu esango nuke. Eta, zer esanik ez, pasibotasun ikaragarriarekin ere segitzen ari gara Madrileko parlamentuko espektakulu lotsagarria.

Baina ezin gaitezke desenkantu eta hitz antzuetan gera. Hori nahi lukete botere guztiz ahaltsuek. Bidean ez etsitzea dagokigu, lantegi zaila dela dakigun arren. Hiritar arrunt xumeak zoritxarreko patu horri egin behar izan dio aurre, demokrazia inbentatu zenetik. Eta bidean segitzen dugu, egiazko demokraziaren bila.

No hay comentarios:

Publicar un comentario