BILATU

lunes, 29 de octubre de 2012

BELAUNIKATZEA




Belaunikatzea operazio ez osasuntsua da, on eta gaiztoen arteko desberdintasuna gizadiaren gau beltzean loratu zenetik. Arrazoi erlijiosoak zein giza-menpekotasun hutsaren garro zigortzaileak bizkar hezur nagusia gertatu dira gizarte-belaunikatze prozesu antzu eta ukatzailean. Belaunikatzea umiltasunarekin erlazionatu zaigu beti, morrontzapeko gizakiari nagusiarenganako dependentzia eramangarriagoa egin dakion. Umiltasuna, ordea, bi pertsonaren arteko berdintasun parekatzailetik eman behar da, egiazkoa izango bada. Osterantzean gezur hutsa dugu, iruzurra.

Belaunikatzea beldur-sentimenduaren adierazpen natural induzitua dugu. Eta belaun joko hutsak koldarkeriaren maila markatzen du, belaunikatzailearen mugimenduan morrontza izpiritualaren sintoma larriak nabarmenduz. Belaunikatzea, dena den, ez da soilik belaun buruaren bihurtzearekin ematen, keinuak subjektu alienatuaren oinperatze gero eta sakonagoa bilatzen baitu eta  horretarako mekanismoak giza norbanakoaren gogoa otzandu eta azpiratu egiten du, zein formula erabiltzen den berdin diolarik.

Pertsonaren alienazioa bere gogoaren salmentaren bidez lortzen duen palanka motak sailkatzen du, beraz, belaunikatzailearena. Eta gure gizartean alienazio erak hedatzen diren heinean belaunikatzeko kategoriak ere biderkatu dira, ikaragarri. Belaunikatzea gizakiaren heriotza morala da eta badirudi gure gizarteak heriotza-zaldunaren besoetara alderatzeko joera duela, beldurrak jota.

Nola heldu belaunikatzearen morrontza ilunetik askatzeko bideari? Hitz bakar bat dugu baliagarria: duintasuna. Nor beraren baitan duintasunari aukera emate jarraikiarekin puskatuko ditu pertsonak zapalkuntzaren kateak eta lantegia zaila izango duen arren ahaleginaren bitartez soilik iritsiko zaie gizon-emakumeei belaunikatze denen aurrean aske izatea.

lunes, 22 de octubre de 2012

HAUSNARKETARAKO GONBIDAPENA (ez doa hauteskundeen emaitzaz)


Egun hotzetan badira ia-ia izoztuta uzten zaituzteten albisteak. Ikusmiraren arabera, izoztu beharrean sutan jar zaitzaketela ere esan liteke eta bi erreakzio termikoak ulergarriak zaizkigu, berez kontrajarriak diren arren. Albistearen zentzuak denon arreta irabazten dutenetakoen kasua da eta pertsonaren sentimenduak dardaran jartzen ditu, berriaren ardatza urruti egonik ere.

Gaur igande goizeko hotz umelak ekarri dizkidan albisteen artean bazen bat hotzikarak sorrarazi dizkidana: Bartzelonako epaitegi batek errugabetzat utzi du gizakume bat bere koinata bortxatu ondoren.

Halaxe da. Frogatu egin da bortxatzailearen ekintza. Frogatu egin da ez zela izan koinataren onespenarekin, ezta sikera mehatxupekoarekin. Epaileak, dena den, absolbitu egin du. Zergatik? Bortxatzaileak, ekintza ederra betierekotzeko asmoz nonbait, bideoz grabatu ondoren, berak ezagutu gabe esku batek balentria jasotzen zuen DVDa kendu ziolako. A! Gutxi bailitzan, esku hura bortxatzailearen emaztearena zela ezagutarazi zaigu, bere senarraren ohiko abentura libidinosoengatik kokoteraino zegoenez gero gizonaren ondasunak errebisatzen ibili zena.

Bideoan ikus daitekeenez –frogatuta, beraz- koinata lotan zegoela bortxatu zuen bere ahizparen gizonak. Bideoa Mosso-en komisaldegian aurkeztu ondoren kartzelaratu egin zuten emakumeen koinatu eta senarra. Baina epaileak,
fiskalaren hamabi urteko zigor kondenako  eskabidea errefusatuz, libre utzi zuen bortxatzailea, horren baimenik gabe aurkeztu baitzuen akusazio partikularrak bideo salataria.

Honaino iristea lortu duen irakurlea gonbidatu nahi dut, unetxo batez hausnarketatxo txikia egitera epailearen erabakiari buruz. Niri, aitortu dut hasieran, odola izoztu egin zait albistea irakurri bezain laster. Jarraian, ordea, irakiten ari zela iruditu zait.

Argazkia: Tere Anda

lunes, 15 de octubre de 2012

((SOLO) UN 17% DE LOS VASCOS...)


Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian gehien irakurtzen diren egunkarietako jabeek inkesta bat burutzen dute hauteskunde kanpainen bukaeretan, hauteslegoaren nondik norakoak azaltzeko eta, jakina, inkestaren emaitzen arabera irakurleei mezu subliminalak helarazteko. Ezer ez berririk, beraz, munduko inkesta guztien eragileen asmoetatik.

Gipuzkoa eta Araba-Bizkaiko egunkarietako irakurleon soziologia desberdina denez gero, egunkari horiek badakite erabiltzen inkesten ondorioak plazaratzeko teknika. Horretan ere maisuak ditugu, eta gauza bera adierazteko -helburu berdintsuarekin- hitz desberdinak aukeratzen dituzte, batez ere titularretan.

Gipuzkoako larunbateko egunkarian irakurtzen genuen: "Un 17% de vascos apoya que el nuevo Gobierno impulse la independencia" Zentzu neutroa albistean. Merkatuaren soziologiari egunkariaren interesetatik dagokion neutraltasun subjektiboa, alegia. Araba-Bizkaikoan, berriz, "Solo un 17%..." Kutsu negatiboa. Arabar, bizkaitar hautesle-merkatuak darakusan pultsuaren araberakoa. Maisuak, beraz, kamaleoiaren estrategian.
.
Inkesta guztiei eman behar zaien sinesgarritasunari erredukzioko koefizientea aplikatuz, garbi dago hiru lurraldeetako hauteslegoarengan modu diferentetik eragin nahi dutela egunkarietako jabe espainiar eskuindarrek. Beti egin dute horrela eta oraingoa maila berri bat dugu zapalkuntza mediatikoaren katean, besterik ez.

Niri, egia diot, bost axola zein den portzentaia,  hori ez baita bat ere garrantzitsua, testuinguru antzu eta kateaz inguratuan. Niri jakitea gustatuko litzaidakeena da, hautestontziek adieraz lezaketen gehiengoaren nahia errespetatzeko asmoa ote duten egunkari horien jabeek. Eta horretaz ez du ezer esaten inkestak. Tamalez.


Argazkia: obrerofiel.com

lunes, 8 de octubre de 2012

URRIA EDO BEATLESEN HILA



Duela berrogeita hamar urte hasi zen istorioa eta ordudanik urria hila eta Beatles izena elkarren ondoan doaz nire baitan. Norbaiti gezurra irudi lekiokeen arren, hertsi-hertsirik izan dut "love me do" abestia Liverpooleko mutilek argitaratu zutenetik. Musika hark  -notak interpretatzeko moduak- zerbait berezi sortu zuen nire baitan, ordurarte sekulan igarri gabeko sentsazio atseginak amets egitera gonbidatu ninduena.

Sixties (1990) nire liburuan nioen bezala, BBCk mirariak egiten zituen garai hartan gure arima gaztetxoetan, eta ingelesaren ezkutuetatik barrena joan nintekeelako aitzakian tinko, gurasoei gaueko ordu goxoetan uhin arrotzen bibrapen xarmangarriko diala "lapurtzen" nien. Zorte apur batekin musika bitxi hura entzun nezakeen, gure emisoretan zeharo ezezagun genuena.

Eta nire kasuan bezalaxe beste askorenetan ere, 1962ko urri hartatik musika gureagoa da, tokikoagoa, unibertsalagoa, jatorria zein den axolarik gabe. Hil hartatik Beatlesen xarmak dena inbaditu zuen, munduko zoko guztiak indar berritzaileko olatuak harrapatu zituen eta izpiritu askatzailearen lekuko zirudienari ongi etorria eman genion, zerbaiten esperantzan. Nahiz eta une haietan, guk –gizaxo errukarri samarrok- ez genekien oso seguru zurrunbilo hark nola astindu behar gintuen.

Igaro ginen elizetatik –latinezko kantuekin- eta igande eguerdiko plazako kontzertuetatik –pasodoble eta zarzuela-zati hautatuekin- oilo ipurdia jartzen zigun doinu dardarkaria dastatzera. Eta munduaren erritmoa bera ere aldaeraz genezakeela pentsatzera heldu ginen. Inozotasunaren sintomak agerian.

Ordurarte klasikotzat genuen musikak jipoi ederra jaso zuen eta areto arranditsuetara pasatu zen, zokoratua bezala. Eta elizak zein igande eguerdiko plazako kontzertuak gazteagotu egin ziren, usadio eta gustu berriek espazio zabalak irabazi zituzten-eta.

Mende erdi baten ostean, gogoak dardarazi zizkiguten melodia haietako asko eta asko klasikoen sailkapen sakratuan sartu dira, mailarako igarobidea denborak baino funtsean kalitateak eskaintzen baitu. Eta, nik bederen, klasikoa askozaz atseginagoa daukat duela berrogeita hamar urte baino. Niretzat, dena 1962ko urrian hasi zen.

lunes, 1 de octubre de 2012

GORA INDEPENDENTZIA LINGUISTIKOA!!


Abertzale euskaltzale baten aldarrikapena, Urkullu jaunari (1) eta Mintegi andreari,  hauteskunde-kanpainan sartuta dabiltzanez (2):

Nire hirurogeita hirugarren urtemuga atzean utzi berri dut eta kopuru horren hogeita hamabost boza eman ahal izateko eskubidearekin bizi izan ditut. Baita eskubidea aprobetxatu ere, eta aukera guztietan abertzale bozkatu dut.

Gaur den egunean, oraindik ere, eta hizkuntzari dagokionez ez dut nire nortasunaren bidetik bizimodu normalaren maila heltzerik izan. Ahalegindu naizen arren, alperrekoa gertatu zait. Oraindik, bizitza arruntak planteatzen dizkidan gaietan eta euskal hiritar bezala nire izaeraren erabilpen integrala egin nahi dudanean denetariko oztopoak aurkitzen ditut, nire identitatearen kontrako atentatuan.

Horregatik Gora independentzia linguistikoa!  ozen bat bota nahi dut. Independentzia, askatasunez hautatzeko eta aritzeko ahalmena da, inoren agindu zapaltzaileetatik libre. Bada, horixe aldarrikatzen dut gure hizkuntzarentzat.

Euskararentzat independentzia eskatzen dut. Unibertsala izan ahal izateko ezinbesteko urratsa, hain zuzen. Independentzia linguistikoa garatu nahi nuke bizitza partikularrean, neure burua independente bilakatuz zerbitzu pribatu eta publikoetan, trauma eta militantzia nekagarri barik. Hego Euskal Herrian espainieraz mintzatzen denak disfrutatzen duen independentzia linguistiko  berdina, alegia. Ez da hainbeste, ezta?

Zertarako aldatu, euskaldunok gure eskubide linguistikoak aldarrikatzen eta etengabe defendatzen aritu beharko ginatekeen Euskadi independente batera? Horretarako ez dit bidaiak merezi.

Oharrak:
(1) Mezu hau bideoz grabatu didate, BECen izango den Urkullu jaunaren mitin batean beste hiritar askorenekin batera ezagutarazteko.
(2) Gainerako hautagaiek mezuaren zentzua ulertuko ez luketelakoan nago.


Argazkia: lizarrakogaztetxea.wordpress.com