BILATU

azaroa 24, 2025

ELURRA ETA HERIOTZA

 


“Edertasunak estali zituen” (1), idatzi nuen 1985ean, elur jauzi batek sei lagun min eraman zizkidanean, eskiatzen ari zirela. Astean elurrak artzain bat hil du Urbia aldean, artaldearekin ari zenean.

Bere sinbolismo kontrajarriarekin, zuria heriotzaren beltzetik guztiz aldentzen da —behintzat gure kulturan. Elurra hiltzeko modu eder eta baketsua izan daitekeela sinetsarazi digute, hotzak besarkatzen zaituela loak hartzen duzun bitartean. Elurraren azpian hil denaren betarte irribarretsuari buruz ere hitz egiten da. Eta elurra bizien gainetik irristatu eta urtzen den bitartean, hildakoak estaltzen dituela baiezta daiteke.

Egia da heriotza ziklo baten amaiera dela, bizitza gazte batekin bukatzen dena —nire lagunak artean nerabeak ziren— edo adineko batekin, Urbiako artzainaren antzera. Baina egia da, halaber, elurra beste ziklo baten hasiera dela, hidrologikoa, ur erreserba gisa jokatzen duena harik eta helburu ugaritarako erabili arte, desagertu aurretik.

Bai, elurrak esanahi espiritual sakona du, heriotzak izan dezakeen, edo eman nahi diogun bezainbeste.       

     (1)   1985eko urtarrilean Kandantxun izandako istripu ikaragarri haren ostean eskatu zitzaidan oroitzapen-idazkia horrela titulatu nuen, eta egun La Rinconadan dagoen hormigoizko monumentuan sei zulo ikus daitezke “Les cubrió la belleza” esaeraren ondoan.

       Argazkia: https://pixabay.com/

azaroa 17, 2025

ON JENARO


Gutxitan pertsona batek eragin dit on Jenarok nigan piztutako aldeko jarrera bezalakoa. Bost urte izan nituen berarekin zuzenean partekatzeko irakasle eta ikasle batek elkarri eskain diezaioketena: jakinduria berak eta ikasteko egarria nik. Gure herrira iritsi zenean, bizitzari buruzko nire eskarmentua bete samar zegoen. Baina horrek ez zidan eragotzi, inguratzen gaituen munduaren gaineko haren ezaupidetza sakonak ni zeharo hunkitzea, gure ekintza arduragabeek sortu dituzten bira eta bihurgune guztiak argitasun handiz ikertzeko gai baitzen. Ni baino askoz ere kritika-zorrotzagokoa baina, aldi berean, lagun hurkoarekiko ulerkorragoa izanik, aukerak aprobetxatzen zituen gure mundu txikiaren inguruko bere azterketen nondik-norakoak niri eskaintzeko. Batzuetan ez nengoen ados arazoaren bere analisiarekin, baina beti eskertzen nituen bere irakaspenak.

Jenaro Lekuona, Azkoititik Arrasatera etorri zen Bergarako apaiza, benetako energia eta jakinduria iturri izan genuen nire moduko askorentzat, egunero gero eta gehiago nahasten gaituen gizarte honetan ia-ia galdurik gaudenontzat. Erretiroa hartu zuenetik gure arteko harremanak urtean birritakoak izan ziren, bere eta nire urtebetetzeetan. Gutxi, baina nahikoak nik berari nire miresmena agertzeko eta bihotzez bere adiskidetasuna eskertzeko.

Beti arte, On Jenaro!!

azaroa 10, 2025

SAIAKERA-AKATSA


Hausnarketa une bat heltzen da bizitzan, ordura arteko nor beraren bidea zuzena izan den ala ez galdetzeko. Hori hamabost, hogeita hamar edo hirurogeita hamar urterekin gerta daiteke. Batzuek diotenez, etengabe egin beharko litzateke autoazterketa, horrela, zuzendu beharreko zerbait izanez gero, ez bailitzateke ahalegina hain nekosoa jazoko.

Badirudi gazteak ez direla horren gisako itaunak egiteko zaleak. Eta arrazoia agerikoa da: eskarmentu eta ezagutza gutxikoak dira artean, ez dute aukera desberdinak alderatzeko abagunerik, eta azken helburua urrin geratzen zaie. Noski, badira salbuespenak eta egindakoa zuzentzeko beharra agerikoa duten kasuak. Arrazoiren batengatik, okerregi garatzen ari den zuhaitz txiki baten antzekoa da. Bere hazkuntza zuzendu behar du -edo  behar diote zuzendu- egunen batean itzala eta aterpea eskainiko baditu.

Antzeko zerbait gertatzen da adinekoekin. Bidaia asegarria izan den ala ezeko galderak ondoeza, atsekabea eta etsipena sor ditzake. Horregatik, askok saihestu egiten dute galdetzea. Zuhaitz zahar, abandonatu, korapilatsu eta bihurrituaren antzekoa da, jada irtenbiderik ez duena.

Nolanahi ere, uste dut ona dela gazteak autoerregulazioan heztea, agian guri aspaldi kontzientzia azterketaren gisa proposatzen zitzaigun bezala. Saiakera-akatsaren teknikaren antzeko zerbait, gizon edo emakume gisako jokabideari aplikatuta.

Argazkia: Ekain

azaroa 03, 2025

FAXISMOA ONGARRITUZ


Egunero esnatzen gaituen faxismoaren aurrerapena azken hamarkadetan bizi izan ditugun ideal demokratikoen oinarria ahultzen ari da. Gogoratzen dut,  diktadorea hil aurretik, lankide karlista sutsu batek behin esan zidala: "Orain arte, faxistok gu geu izan gara. Aurrerantzean , denok izango gara". Eta arrazoia zuen, jeneralaren heriotzarekin, faxista izatearen salaketak espektro ideologiko zabaletik etorri baitziren, espazio politikoa okupatu nahi zutenei zuzenduta.

Berriz ere, haize kirastu batek jotzen digu, oraingoan sare sozialen eta pentsatzeko eta jokatzeko modu ezagun batekin lerrokatutako komunikabideen konplizitateak areagotua. Fenomeno globala da hau, beti kutsakorra boterearen esparru ilun eta gaindiezinenetatik. Eta erabakiak hartzeko gaitasuna duten gune horietako bakoitzak nahi duenean manipulatzen gaitu. Noski, manipulatuak izatea, askotan gure baimenarekin, ongarri bikaina da gure bizilagunenganako eta dagokigun gizartearekiko axolagabekeria osoan haz gaitezen, inolako gainbegiratze demokratikorik gabe. Horrela, faxismoa berriro nagusitzen da... agintari klase anonimoek nahi duten bezala.

Faxismo kultural, ekonomiko eta soziala botere politikotik ezartzen da, eta horrela munstroek hazten jarraitzeko beharrezkoa duten zirkulua ixten diegu.