BILATU

abendua 08, 2025

ALPERRONTZI KOROATUA (Jainkoaren graziarik gabe)

 


Zein erraza den atzeman ezin denaz hitz egitea, eta zein zaila den atzera egitea ideiek —edo susmoek— traizionatzen gaituztenean. Nahiko maiz gertatzen zaigun zerbait da hori, huts egin ezina ez bagara behintzat, eta hori oraindik ez dut inon aurkitu. Eta hamarkada batzuk daramatzat inguru hauetan zehar gora behera.

 Monarkiari eraso egingo diot, gogoa baitut. Borboi herrenak azken diktadorearen figura goraipatu du, eta horrek ez du inor harritzen une honetan. Alperrontzi horrek ez du inoiz ezer edo inor errespetatu, eta bere zaletasuna, eta ziur aski bere lanbide betegabea, kutxazaina edo lapurtutako diruaren kontu-hartzailea da. Funtsean, horretan lan egin du eta nazioartean izena egin du.

Gauza da, baditudala ezagunak, baita lagunak ere —munduan zehar etengabe ibili naizenez geroztik— oraindik argia ikusi ez dutenak eta Corinnaren maitale ohia demokraziaren zutabe ukaezina izan dela diotenak. Ez dute amore eman nahi, gizonaren zikinkeriaren froga argiak izan arren. Baina behatzaile hauek hesi bat eraiki dute beren inguruan, eguneroko errealitatetik babesten dituena, gauzak ikusteko duten lentea elementu distortsionatzaile bihurtuz. Nire bizitzako une honetan, ez naiz haserretuko haiekin. Gera daitezela nahi dutena ikusten, nik erregeei buruz nire iritzia emateko eskubidea aldarrikatzen dudan bezala, monarkia anakronismo amaigabetzat baitaukat, ezertan ere sinesten ez duen eta indibidualismo immoralenetik funtzionatzen duen mundu batean. Baina ez al dira erregeak Jainkoaren graziaz errege?

abendua 01, 2025

EUSKARAREN EGUNEAN

 


Etzi euskararen nazioarteko eguna ospatzen dugu, iragan mendean Eusko Ikaskuntzari horrela izan behar zuela otu zitzaiolako. Eta ospakizunaren lehen mendea oraindik betetzeke, badirudi hastapenetako agenteak ahaztu egin dituela euskal gizarteak, eguneroko gurpil irensleak eszenategi eta protagonista berriak behar baititu, ibilbidean garatuko bada. Eta nire ikuspuntu historikotik pena pixka bat ematen badit ere, barnean halako poztasun mingotsa antzematen dut: aintzindari haien helburua lortzen ari dela iruditzen zait.

Euskara bizirik dago eta aurrerantz proiektatzen du. Hizkuntzak erakunde biziak dira - nik esango nuke hilak ere oroimenean bizi direla haietara jotzen dugunean- errealitatera eta testuinguru soziokulturalera egokitzen direnak. Areago, hizkuntzek bizitzaren gaineko ikuspegi desberdina ematen dute, haien hiztunek tokian tokiko zirkunstantziei aurre egiteko une bakoitzean erabilitako berbaldiaren arabera. Horrek esan nahi du hizkuntzak garatu egiten direla, aldatu, nahiz eta ez naizen ausartzen aitortzera beren corpusean aberatsagoak bilakatzen diren ala ez. Hizkuntza bateko hiztunek ezagutuko bagenu nola joan den aldatzen gurea, agian irekiagoak izango ginateke, enpatikoagoak.

Hizketan jartzen gara eta gure ideiak eta arrazoinamenduen espresabidean bada halako lotailu bat, ikusezina, hainbat pista ematen dituena hizkuntzaren garapenari buruz. Alboko hizkuntzen -  baita ez hain hurrenekoen- eragina nabarmena gerta daiteke. Euskararekin garbi froga daiteke, bekoki zabaleko azterketa xume baten bitartez. Alderantzizko norabidean gerta daitekeen bezala, noski. Hizkuntzak ez dira puruak, orban gabeak, arrazoi sinple batengatik: komunikatzeko tresnak direlako. Giza harremanik ezean bakarrik iraungo lukete tatxarik gabe… baina horrek beste estatus batean utziko luke kolektiboa… Amazonetako oihan itxienetako ilunetan omen direnen mailan.

Nazioarteko Euskararen Egunean, bai euskaldunei bai euskera ez dutenei lasai eta aurreiritzirik gabe inguruko hizkuntzei begiratzea eskatuko nieke, ea adostasun puntuak aurki ditzakegun ikusteko. Adituek diotenez, hizkuntzek inguratzen gaituzten munduaren pertzepzioa moldatzen dute. Agian, beste hizkuntza bati buruz gehiago ikasteko ahaleginak, gure mundu-ikuskera aldatzen ez badu ere, ingurukoak begi berriekin ikusten lagunduko digu.

Argazkia: Ekain

azaroa 24, 2025

ELURRA ETA HERIOTZA

 


“Edertasunak estali zituen” (1), idatzi nuen 1985ean, elur jauzi batek sei lagun min eraman zizkidanean, eskiatzen ari zirela. Astean elurrak artzain bat hil du Urbia aldean, artaldearekin ari zenean.

Bere sinbolismo kontrajarriarekin, zuria heriotzaren beltzetik guztiz aldentzen da —behintzat gure kulturan. Elurra hiltzeko modu eder eta baketsua izan daitekeela sinetsarazi digute, hotzak besarkatzen zaituela loak hartzen duzun bitartean. Elurraren azpian hil denaren betarte irribarretsuari buruz ere hitz egiten da. Eta elurra bizien gainetik irristatu eta urtzen den bitartean, hildakoak estaltzen dituela baiezta daiteke.

Egia da heriotza ziklo baten amaiera dela, bizitza gazte batekin bukatzen dena —nire lagunak artean nerabeak ziren— edo adineko batekin, Urbiako artzainaren antzera. Baina egia da, halaber, elurra beste ziklo baten hasiera dela, hidrologikoa, ur erreserba gisa jokatzen duena harik eta helburu ugaritarako erabili arte, desagertu aurretik.

Bai, elurrak esanahi espiritual sakona du, heriotzak izan dezakeen, edo eman nahi diogun bezainbeste.       

     (1)   1985eko urtarrilean Kandantxun izandako istripu ikaragarri haren ostean eskatu zitzaidan oroitzapen-idazkia horrela titulatu nuen, eta egun La Rinconadan dagoen hormigoizko monumentuan sei zulo ikus daitezke “Les cubrió la belleza” esaeraren ondoan.

       Argazkia: https://pixabay.com/

azaroa 17, 2025

ON JENARO


Gutxitan pertsona batek eragin dit on Jenarok nigan piztutako aldeko jarrera bezalakoa. Bost urte izan nituen berarekin zuzenean partekatzeko irakasle eta ikasle batek elkarri eskain diezaioketena: jakinduria berak eta ikasteko egarria nik. Gure herrira iritsi zenean, bizitzari buruzko nire eskarmentua bete samar zegoen. Baina horrek ez zidan eragotzi, inguratzen gaituen munduaren gaineko haren ezaupidetza sakonak ni zeharo hunkitzea, gure ekintza arduragabeek sortu dituzten bira eta bihurgune guztiak argitasun handiz ikertzeko gai baitzen. Ni baino askoz ere kritika-zorrotzagokoa baina, aldi berean, lagun hurkoarekiko ulerkorragoa izanik, aukerak aprobetxatzen zituen gure mundu txikiaren inguruko bere azterketen nondik-norakoak niri eskaintzeko. Batzuetan ez nengoen ados arazoaren bere analisiarekin, baina beti eskertzen nituen bere irakaspenak.

Jenaro Lekuona, Azkoititik Arrasatera etorri zen Bergarako apaiza, benetako energia eta jakinduria iturri izan genuen nire moduko askorentzat, egunero gero eta gehiago nahasten gaituen gizarte honetan ia-ia galdurik gaudenontzat. Erretiroa hartu zuenetik gure arteko harremanak urtean birritakoak izan ziren, bere eta nire urtebetetzeetan. Gutxi, baina nahikoak nik berari nire miresmena agertzeko eta bihotzez bere adiskidetasuna eskertzeko.

Beti arte, On Jenaro!!

azaroa 10, 2025

SAIAKERA-AKATSA


Hausnarketa une bat heltzen da bizitzan, ordura arteko nor beraren bidea zuzena izan den ala ez galdetzeko. Hori hamabost, hogeita hamar edo hirurogeita hamar urterekin gerta daiteke. Batzuek diotenez, etengabe egin beharko litzateke autoazterketa, horrela, zuzendu beharreko zerbait izanez gero, ez bailitzateke ahalegina hain nekosoa jazoko.

Badirudi gazteak ez direla horren gisako itaunak egiteko zaleak. Eta arrazoia agerikoa da: eskarmentu eta ezagutza gutxikoak dira artean, ez dute aukera desberdinak alderatzeko abagunerik, eta azken helburua urrin geratzen zaie. Noski, badira salbuespenak eta egindakoa zuzentzeko beharra agerikoa duten kasuak. Arrazoiren batengatik, okerregi garatzen ari den zuhaitz txiki baten antzekoa da. Bere hazkuntza zuzendu behar du -edo  behar diote zuzendu- egunen batean itzala eta aterpea eskainiko baditu.

Antzeko zerbait gertatzen da adinekoekin. Bidaia asegarria izan den ala ezeko galderak ondoeza, atsekabea eta etsipena sor ditzake. Horregatik, askok saihestu egiten dute galdetzea. Zuhaitz zahar, abandonatu, korapilatsu eta bihurrituaren antzekoa da, jada irtenbiderik ez duena.

Nolanahi ere, uste dut ona dela gazteak autoerregulazioan heztea, agian guri aspaldi kontzientzia azterketaren gisa proposatzen zitzaigun bezala. Saiakera-akatsaren teknikaren antzeko zerbait, gizon edo emakume gisako jokabideari aplikatuta.

Argazkia: Ekain

azaroa 03, 2025

FAXISMOA ONGARRITUZ


Egunero esnatzen gaituen faxismoaren aurrerapena azken hamarkadetan bizi izan ditugun ideal demokratikoen oinarria ahultzen ari da. Gogoratzen dut,  diktadorea hil aurretik, lankide karlista sutsu batek behin esan zidala: "Orain arte, faxistok gu geu izan gara. Aurrerantzean , denok izango gara". Eta arrazoia zuen, jeneralaren heriotzarekin, faxista izatearen salaketak espektro ideologiko zabaletik etorri baitziren, espazio politikoa okupatu nahi zutenei zuzenduta.

Berriz ere, haize kirastu batek jotzen digu, oraingoan sare sozialen eta pentsatzeko eta jokatzeko modu ezagun batekin lerrokatutako komunikabideen konplizitateak areagotua. Fenomeno globala da hau, beti kutsakorra boterearen esparru ilun eta gaindiezinenetatik. Eta erabakiak hartzeko gaitasuna duten gune horietako bakoitzak nahi duenean manipulatzen gaitu. Noski, manipulatuak izatea, askotan gure baimenarekin, ongarri bikaina da gure bizilagunenganako eta dagokigun gizartearekiko axolagabekeria osoan haz gaitezen, inolako gainbegiratze demokratikorik gabe. Horrela, faxismoa berriro nagusitzen da... agintari klase anonimoek nahi duten bezala.

Faxismo kultural, ekonomiko eta soziala botere politikotik ezartzen da, eta horrela munstroek hazten jarraitzeko beharrezkoa duten zirkulua ixten diegu.

urria 27, 2025

ANTZERKIA DENONTZAT


Gure antzerki taldearen emanaldiaren ostean teloia itxi da, gaur, hogetahiru urteren buruan lehen aldiz, Bergaran. Kostatu zaigu mahon-hirira iristea —nork daki zeintzuk diren bertako kultur programatzaileek orain arte beren eskaintzetan gure taldea ez sartzeko izan dituzten arrazoiak—, baina madarikazioa hautsi ondoren, saio bikoitz batekin ospatu nahi izan dugu Bergarako gure bataioa.

Orain 2003ra salto egiten dut eta jatorrizko Doke ikusten ari
naiz eszenatokian, gaur egun antzerki inklusiboa deitzen dena ordurako kontuan hartzen zuena; hau da, desgaitasuna duten eta ez duten pertsonak antzerki-sorkuntzaren etapa guztietan integratzea bilatzen duen arte eszenikoan ari ginen, pasibo zein aktiboki . Eta gaur egunera arte, horrela funtzionatu du taldeak poztasunaren iturria bilakatuz.


Bergarara itzultzen naiz, eta larunbat honetan taldeak publikoarekiko duen konpromisoaren esparrua zabaldu nahi izan du. Darío Fo-ren "Hemen ez du inork ordaintzen" antzezlanaren ohiko emanaldiaz gain, Dokeko kideek beste saio bat eskaini diote ikusmen arazoak dituen talde bati. Egoera horietan bizi diren zenbait lagun, beren laguntzaileekin eta Gurutze Gorriko langileekin batera, eszenatokira igo dira hango giroa entzuteko, ukitzeko, usaintzeko... hitz batean esanda, antzezlanak eskaintzen duena ulertzeko. Saioa oso aberasgarria izan da aktoreentzat eta publiko berezi honentzat, horren ostean ohiko emanaldia beren eserlekuetatik jarraitu ahal izan dutenak, eszenatokian gertatzen ari zena konprenituz.

Beste behin argi geratu da artea inhibizioak gainditzeko eta gizarteratzea sustatzeko bitarteko ahaltsua izan daitekeela. Espero dugu ildo honetatik intziditzea. Prest gaude. Guregatik ez da geratuko.


Argazkiak: Doke Antzerki taldea (JMVM)