ekaina 23, 2025

SORGINAK ETA SUGEAK ERRE


Joan den larunbatean eguzkiaren distira gorenaren eguna bizi izan genuen, urteko egunik luzeena, gaurik laburrena. Udako solstizioa izan zen, mundu osoan ospatzen dena. Une hartatik aurrera, eguneko orduak gutxitu egiten dira, eta gizakia kontziente bihurtu zenetik, herri-sinesmenak argia eta bizitza luzatzeko modu gisa ikusi zuen sua. Bere bilakaeran, tradizio paganoa kristautasunak xurgatu zuen, eta suaren gurtza 23ko gauean, San Juan bezperan, hasi zen egiten.

Sutzarrak piztuko dira gaur gure bazterretan, eta ausartenek gainetik jauzi egingo dute, ez dakit espirituaren alde iluna garbitzeko ala adiskideen aurrean beren trebetasuna erakusteko. Eta sorginak azalduko dira, Anbotokoak ala beste inongoak diren asmatzerik ez dela. Baina izan, badira. Asko gainera, genero guztietakoak, hemengo mundua okerragotu nahi dutenak… berez nahiko ilun egon izan ez balitz bezala.

Nik gaur, badaezpada ere, gure arbasoen kopla hura kantatuko diot sutzarrari: sorginak eta sugeak erre! Ia horrela argitasuna itzultzen zaion gure planetari.

ekaina 16, 2025

AKATSA AUTOPSIAN ATZEMATEN DA


Medikuntzako profesionalen artean zabalduta dagoen irri-esaera batek, gutxi gorabehera, dio edozein akats autopsian detektatzen dela. Ez banago oker, Atahualpa Yupanqui izan zen esaldia ospetsu egin zuena bere "Milonga galdua" publikoarentzat kantatzeari ekin aurretik azaldua.

Politika munduan bizi dugun egoera ustel honetan, duintasun etiko apur bat duen edozein hilkorrentzat nazkagarria da eguneroko albisteak ikustea. Lurpeko mundu politikotik sortzen den etengabeko jario kirastua auskalo nola eta noiz amaituko den, baina ziurrena da hilotz bat baino gehiago utziko duela bazterretan.

Ausartuko nintzateke esatera Pedro Sánchezek egindako akatsa —barkamen eskaerak Borbon elefante zalea gogorarazi zidan— laster hilotzen kameran aztertuko dutela. Behin pentsatu izan nuen gizon hori gai izango zela bere kolaboratzaileen esku luzea diru publikoetako kutxatik urrun edukitzeko. Baina bere ingurukoek gainditu egin dute, eta inork ez daki ziur zenbateraino dagoen bera ere inplikatua, aurka dituen auzi eta salaketetan. Asko direnak eta zurrunbilo indartsutik ateratzen bada ere, zauriak ez dira arinak izango.

Zalantzarik gabe, ordea, autopsiak argituko du psozialistaburuaren iragarritako heriotzaren gakoa, inoiz jotzeari uzten ez dion milonga triste eta ilun honen ondoren antzematen dena.

Argazkia: OCCIDENT

ekaina 08, 2025

ZEZENKETAK ABERRI-BALIOEN SOSTENGU


Sinets iezadazue, inguratzen gaituen munduari erreparatuz txundiketarako nire ahalmena agortzear dagoela aitortzen badizuet. Mafia ala demokrazia eslogana modu mafioso samarrean- Ayuso elebakarduna buru- oihukatzen zuten milaka ustez demokraten oldar beldurgarritik aldendu guran autobusean sartu nintzen etxerako bidaia goizeko freskuran egiteko. Giza-uhin nahastaile kiratsgarri eta arriskutsutik urrun, eguneko prentsa errepasatzeari bildu nintzaion, eta albiste deigarri batek harrapatu ninduen.

Zezenketak zen gaia, eta Andaluziara ninderaman albisteak. Erkidegoko Juntak baztertu egin bide du, umeak zezenplazetara sar daitezela debekatzea eskatzen zuen oposizioaren proposamena. Hori ez zitzaidan hain deskolokatzaile iruditu, ohiko joko politiko errenean normaltzat jo baitezakegu gobernu-oposizioaren arteko adostasunik eza. Argudioa zen, aldiz, jokoz kanpo utzi ninduena: Juntak dioenez, zezenketa eta antzerako espektakuluek animaliekiko begirune eta kontzientzia modu positiboan garatzen dute umeengan.

Ahoa bete hortz geratu nintzen. Baina aurki gogoratu nuen zerk eraman ninduen goizeko lehen orduko autobusa hartzera: eskuineko oldarrarekin kalean ez aurkitzea. Eta Madrilgo erakuspenaren deitzaileen soka bereko gobernukide andaluziar faxistoideek, espainiar aberri-balioen berreskurapeneko gurutzadan buru belarri sartuta, hezkuntza sistema baliatzen dute tauromakiarako zaletasuna haurrengan piztarazteko.

Animaliekiko enpatia indartzen duela zezena nola torturatzen eta hiltzen den ikusteak? Otoi! Animaliekiko krudeltasuna normaltzeak giza-bizitzarekiko gutxiespenerako lehen urratsa ekar dezake… eta dakar.

Argazkia: The conversation

ekaina 01, 2025

ALFERREKOAREN ERABILGARRITASUNA


Sarritan gogoratzen dut, ikasketen azken txanpan geundela irakasle hark esandakoaz: gure bizitza profesionalean jakintza mordoa aurkituko genuela, hasiera batean alferrekotzat har zitekeen arren, behin baino gehiagotan arazoetatik salbatuko gintuena... eta, nolanahi ere, gure bizitzaren joatean onuragarria izango zena.

Hamarkada asko geroago irakaslearen gogoetetara itzultzen naiz eta ikusten dut ez zegoela oker bere baieztapenean. Ziur nago bizitzak, gure lanbideari lotuta ez ezik, alferrikakotzat jo ditzakegun ezaupideak eskaintzen dizkigula etengabe, baina epe luzera asebetetzea eta ezagutza integralean aurrera egiteko aukera ematen digula.

Norbaitek alferrekotzat jo lezake igande goizean mendira ibilaldi bat egitea, lasaitasun espirituala beste helbururik gabe. Badira filosofia irakurtzea erabateko denbora galdutzat hartzen duena, ez baita zientzia aplikagarria. Edo, ziur aski, badela errentagarriagoa izango litzaidakeela uste duena erdaraz idaztera dedikatuko banintz lerro zentzu handirik gabeko hauek euskaraz eskaini beharrean.

Zalantza barik, mendian naturarekin bat eginda denbora galtzea, Platon lasai berrirakurtzea edo nire barrua libreki adierazteko zertxobait izkiriatzea... gozamen pertsonalerako iturri bat da, zalantzazko ezagutza erabilgarri horri erantzuna bilatzen saiatzea baino handiagoa. Nahiago dut gozatu, zertarako galdetu gabe.

Argazkia: Zuriñe

maiatza 26, 2025

BIZITZAREN PUZZLEA


Segur aski, behin baino gehiagotan entzun duzu zuk, irakurle, bizitza puzzle handi bat bezalakoa dela, egunez egun osatzen dugun puzzle handi bat. Ez dut uste hau mugaketa  egokia denik, puzzle bakoitzak aldez aurretik irudi osoa eskaintzen baitu, bizitzak egin ezin duen zerbait.

Puzzle guztietan, pieza espazioari egokitzen zaion mugimenduak daude eta, jakina, jarritako moduarekin talka egiten duten beste batzuk. Koloreak, tamainak eta diseinuak desberdinak dira aukera bakoitzean, hura betetzeko abentura zailtzera jokatuko balute bezala. Ezer ez da berdina, eta pieza osoa nola moldatuko den ziur jakin gabe jotzen duzu. Egia da ez dela  bat ere soberan. Eta azkenean puzzleak itxura bat eskainiko du, agian jokalariaren gustukoa ez dena. Arrisku bat da.

Buru-hausgarri jokoa amaitzen ahalegintzen den pertsonak amore eman dezake. Jolas errazak eta oso zailak daude, eta jende trebea dago eta ez hain iaioa. Bizitzaren puzzlean, aldiz, beti geratzen da azken pieza bat jarri gabe. Baina ahaleginaren etengabeko ibilbidearen amaierara heltzear, kolore, tamaina eta diseinu ezberdineko momentuekin, normala da protagonista emaitzarekin pozik sentitzea, nahiz eta inoiz lortuko ez duen azken pieza kokatzea.

Argazkia: mekaniko

maiatza 19, 2025

PERSPEKTIBA BERTIKALA


Duela egun batzuk ordenaren, agintearen eta boterearen aplikazioaren perspektiba aldaketari buruzko hausnarketa bat irakurri nuen. Egilearen tesia egoki eta zuzena iruditu zitzaidan: gure pentsamoldearen eta bizitzarenganako erreferentzia gisa ezkerra eta eskuina bereiztera eraman gaituen ikuspegia galtzen ari gara. Lerro hauek irakurriko dituzten gehienak borondate politiko eta soziala adierazten duen ardatzaren ezkerrera edo eskuinera kokatuko dira. Alde aldatzeak - mugimendu horizontala edozein dela ere - antzeko ahalegin pertsonala eskatzen du.

Egileak proposatzen zuen teoria da perspektiba bertikala existitzen dela eta betidanik egon dela. Eta hark zioenez, gizartean gero eta errotuago dagoen errealitatea da ikuspegi bertikalari dagokiona, eta bertatik goranzko edo beheranzko arauak, agintea eta boterea antzematen dira. Historian gutxitan eman da goranzko ikuspegia. Beheko mailetatik datorren eta goialdera igotzen dena beheranzko mugimendua baino askoz ere txikiagoa izan da. Beheranzko boterearen adibideak ditugun dinastia monarkikoak eta hierarkia erlijiosoak gogoratzea besterik ez dago eta, egungo egoerari erreparatuz, etorkizun hurbileko argazkia antzeman genezakeela zioen egileak.

Teoriak beti teoria, ziur dirudiena da, ordea,  laster gizartearen gidaritza hartzera deitua izango den belaunaldia ez dagoela oso prest goranzko ikuspegiari heltzeko. Frogatuta dago jarrera horrek askoz esfortzu, konpromiso eta ardura handiagoa eskatzen duela. Eta ez da, hain justu, gorantz begiratu behar duten mailetan soberan den ezaugarria. Askoz erosoagoa da gorantz ez begiratzea, handik datorkiguna ez ikusteko.

Argazkia: freepik

maiatza 12, 2025

ZERGATIK JOTZEN DUTE KANPAIEK?


Denbora pixka bat eskaini nion San Pedro plazatik telebistan zuzenean jasotzen genituen berriak ikusteari. Hainbat katearekin konektatu nuen, eta, oro har, aukeratutakoa nor izango zen jakin aurretik, antzekoak ziren estudioetako iruzkinen erritmo eta mota. Gero aldatu egin zen, katearen arabera. Irekienek berriarengan aurreko Aita Santuaren profila antzematen zuten. Eremu “nazionalekoek”, aldiz, aukeratutakoaren ama espainiarra dela nabarmendu zuten Normala.

Baina gaur beste zerbaitera nentorren: ezagutu nuen lehen Aita Santuaren erreleboa, Joan XXIII.arena izan zen, 1958an. Herriko parrokiako kanpai-jotzeak ekarri zigun berria. Une hartan gainezkatu gintuen haur-euforian, Espiritu Santua uso baten itxuran igarri genuen San Pedro basilikaren gainean, hegaz. Gaur, inozotasuna galduta,  badakigu gauzak ez direla horrela.

Eta plasma-pantailaren aurrean nire besaulkian eroso eserita, lo egitea eragozten dien aitzakiarekin egungo gizartean ezkilak isilarazi dituztenen kontra jarri naiz. Ez dago komunitatearen bizitza erregulatzeko dorretik kanpaiak astintzea bezalakorik. Gaur, aita santuaren aldaketaz gain, herriko futbol taldearen garaipena (edo porrota) iragar liteke, ospitaleko familia-mediku berriaren izendapena, eskola publikoan irakasleen greba bertan behera utzi izana edota Herri Urratserako autobusaren irteera. Proposatzea da kontua, eta horixe egiten dut hemendik.

Argazkia: National Geographic


maiatza 05, 2025

EMILIO GUEVARAK ARAZO BAT DU


 “ETAk lortu ez zuena, euskarak egin du, eta Logroñora etorri naiz bizitzera” Hala nabarmendu du kazetariak Emilio Guevara Arabako diputatu nagusi ohiari egindako elkarrizketa. Kuriositatez irakurri dut publikatutakoa, ez politikari ohia —hala izaten jarraitzen duena, barreratik bada ere— zuzenean inporta nazakeen edozertan erreferente delako, baizik eta euskarak erbestera zergatik behartu zuenari buruz zer zioen jakiteko. Eta egia esan, Guevaratarren etxean arazo bat zegoela ulertu dut.

Lehenik eta behin, Don Emiliori esan nahi diot nire bilobarekin egunero ikastolara joaten naizela eta euskaraz adierazi eta ikasteko gai diren  jatorri geografiko ezberdin eta urruneko dozenaka neska-mutiko ezagutzen ditudala. Beren seme-alabak A ereduan matrikulatu dituzten gurasoak ere ezagutzen ditut; euren eskubideen barruan daude, noski, nahiz eta pena pixka bat ematen didan seme-alabek bi hizkuntza ofizialak erabili ahal izateko gurasoek aukera aprobetxatu ez jakiteak.

Guevarak bere bilobak «euskararekin oso arazo larriak» zituela dioenean, lerro artean irakurtzen ari naiz arazoak izan zituela beste irakasgaietan ere. Agian oker nabil. Baina Euskal Herrian «oso zaila da ama-hizkuntzan ikasteko plaza aurkitzea” baieztatzeak  —bereziki familia bizi zen bezalako hiri batean— nahikoa bilatu ez dutela esan nahi du... edo beste arrazoi ezkutu bat dagoela Euskaditik alde egitea justifikatzeko. Guevara jauna: berriro dezepzionatu nauzu. Arazo bat duzu... Logroñoko zure etxean.

Argazkia: Internet

apirila 28, 2025

PSIKIATRIAREN BIDE BIHURRIAK

 


Nire liburutegian leku gehien hartzen duten egileetako bat Sigmund Freud da. Hau inongo lotsarik gabe esaten dut, nire "pleistozeno" partikularrean bere sare teorikoan harrapatua geratzeaz gain arren, austriarrarekin harreman afektiborik edukitzetik urrun nago,  ikasle gisako nire bizitzara gutxi gora beherako modu erabakigarrian sartu zela 
izan ezik. Eta onartzen dut noizean behin bere liburu batzuk berrirakurtzen ditudala, 1960ko hamarkadaren amaierako datak daramatzatenak. Ziurrenik, nire garai  samur hura gogoratzearren.

Bistakoa da zientzia izugarrizko abiaduran eboluzionatzen ari dela, eta psikiatria ez dago atzean. Bere bilakaeraren fase konkretu batean, terapia askatzaile bat izatetik gaixoa atzeman eta menderatzen saiatzera igaro zen, praktika hori askapena baino sinple eta errazagoa baita. Ez dut esaten ikuspegi hori ohikoa denik, baina egia da psikiatrek ahalegin handia egin behar dutela oreka etikoa mantentzeko.

Zoroetxeak ezagutu ditugu, erraz sartzea eta irtetea oso zaila zen tokiak. Hasierako psikiatriaren teoria eta praktika eredu horretan oinarritzen zen. Gaur egun, zientziak gaixotasuna pertsona bakoitzaren egoerara egokitzeko aukera ematen du,  horrek tratamenduan eragiteko aukera ahalbidetuz. Gainera, zaintza sanitario eta farmakologikoak jarraipen zuzenagoa eta pertsonalizatuagoa eskaintzen du.

Hala ere, praktika psikiatrikoen aurka ageri direnak ulertzen ditut, normalean euren azalean negatiboki bizi izan dituztelako. Horrek psikiatren etengabeko birziklapena gaixoaren tratamendua bezain garrantzitsua edo areago dela berrestea garamatza, lanbide guztietan gertatzen den zerbait, alegia. Argazkiko mezuak erakusten duena adieraztea, ordea, gehiegizkoa iruditzen zait.

Oharra: astetan egon ondoren idakiño hau argitaratu baino apur bat lehenxeago hormako pintada garbitu dute.

apirila 21, 2025

KANDIDO BAINA INOZO IZAN GABE

 


Duela hamarkada batzuk irakurritako liburu bat berrikusteko aprobetxatu ditut azken jai-egunak, eta horren bidez gehiegizko baikortasuna ez dela inoiz komenigarria gogoratu dut; bizitzari ezkor izan gabeko eszeptizismo puntu batekin heldu behar zaiola dago idatzita liburuan. Voltaireren “Kandido”z ari naiz, ikasle garaian jada irakurtzen genuena... baina gero ahaztu genuena, bizitzako hainbat gauza bezala.

Kandidorekin idazle frantziarrak erakusten digu ezin dugula funtsean mundua aldatu, gu bezalako jendez inguratuta gaudelako, helburu desberdinak ditugun gizabanakoak, alegia. Indarrak ez dira inondik inora konbergenteak, eta gogorren bultzatzen duenari mesede egiten dion kaosa da azken emaitza. Hori dela eta, Voltairek proposatzen du bere eleberriaren izaera inozo eta baikorragoko pertsonaia arrazionalagoa bilakatzea, etengabeko antsietatean bizi ez dadin, mugagabe jazartzen duten etsipenen ondorioz.

Arrazoiaren itzaletik etorkizunari begiratzen dion pertsona bihurtuko da Kandido, baina zama ezkorrik gabe. Eta beti atsegin ezin dugula, baina beti atsegin izaten saia gaitezkeen Voltaireren planteamendua garai bateko inozo izan zenaren bihotzean grabatu zen. Esan behar den arren, Voltaire ez zela zehatz-mehatz diplomaziaren eredua, eta bere iharduerarekin bere buruari ezin konta ahala etsai ekarri zion. Tira, horixe, predikatzea gauza bat da eta garia ematea beste bat.

Argazkia: ethic

apirila 14, 2025

ASTE SANTUKO ATARTEAN


Gaur zortzi amaituko den aste bat hasten dugu, agertoki berean gure gizartean elkarren kontrako bi errealitate daudela erakusteko balio duena. Gizonek eta emakumeek jarrera kontrajarriak mantendu ditzakegu, normaltasun osoz.

Aste Santuak elkarren kontrako erreakzioak pizten ditu, tradizioa nagusi den eta hutsala sakrifikatzeko prest ez gauden gizarte batean. Badirudi jendeak, bizirauteko, gure existentzia osatzen duten kontrako poloak aintzakotzat hartu behar dituela. Eta Aste Santuak, gero eta ingurune laikoago batean ulertzen zaila den bere erritualarekin, polo horiek adierazten ditu, elkarbizitzen ditu. Ezin duzu hau ulertu animalia kontraesankorrak, agian -gainera- nortasun bikoitzaz hornituta garela sinetsi gabe. Agerikoa da gaur hasten den astea ezin dela ulertu bere alderdi soziologikoa kontuan hartu gabe, alderdi erlijioso hutsetik haratago, aldiz, diodan bezala, gero eta artifizialagoa.

Behin irakurri nuen Aste Santuaren egungo garapena kaleko ospakizun gisa -ez dut erlijio ospakizun idatzi- homogeneizazioaren, identitatearen hauslearen aurkakoa dela. Ados nago globalizazioak deserrotzea ekarri duela, eta datozen egunotan ohikoak diren manifestazio batek gurea gehiago baloratzeko aukera ematen duela. Ulertzea zailena iruditzen zaidana da, ordea, tradizioaren erakustaldiko parte-hartzaileak ziztu bizian alde egitea kasuan kasuko hondartzara, zibilizazio berriaren «zaratan eta bekatuan» murgiltzeko.

Argazkia: Deia

apirila 07, 2025

DON BILDUR


Gonzalo de Berceo poetaren garai apur bat beranduagoetara garamatzan erreferentziazko lekua den San Millaneko Errejaren milurtekoaren ospakizunean gaude murgilduta. Erdarazko poesiaren aitzindari izan zen Berzeoko literaturagileak euskara ezagutzen zuen, bere olerkietako zenbait hitzek egiaztatzen duten moduan. Horietako bat Bildur da, Don Bildur bataiatu zuen irudia, "Sant Salvadorko Priorea eta Ubert Sakristaua" izeneko poeman, "Andra Mariren Mirariak" zabalagoan dagoena.

Priorearen eta sakristauaren arteko gogo-egoerari Don Bildur izena eman zion poetak: gertatuko zenaren beldurra. Pertsonengan etengabe errepikatzen den egoera da beldurra, neurri handi batean edozein zirkunstantziaren aurrean dugun erreakzioa baldintzatzen duena. Beldurra pertsonen eta herrien patuak zuzentzen dituen motor indartsua da. Eta ingurukoen borondatea bereganatu nahi dutenek erabiltzen dute beldurra, normalean kalte egiteko.  Gizartea beldurraraztea bere menpekotasuna lortzeko ezinbesteko urratsa da.

Egungo egoera politikoan lasai egoteko ahalegina egin beharko genuke. Ezin dugu beldurrik izan. Jazartzen gaituzten munstroek beren ahuleziak dituzte eta haien sekretua ezagutzen dugula jakin behar dute. Ez daukat haiek garaitzeko formularik, baina dudarik gabe oinen azpiko hilobia are gehiago zulatu baino ez dugu egingo beldurrez.

Argazkia: Garraisia (E. Munch)

martxoa 31, 2025

ITXAROPENEKO KITA


Koadratuezina nola koadratuko den argitu gabe, orain Bruselatik beste tinglado batean sartzen gaituzte, nire harritzeko gaitasuna gehiago iluntzen duena. Galdetzen diot irakurleari: diru-sarrera berdinekin, armen gastua handitzeko eta gastu sozialeko aurrekontua ez murrizteko formula zein den azalduko didan inor ba al dago? Magoak behar dira truku horretarako. Pentsatuko al dute, agian, ministerioetako aholkularien kopurua murriztea? Asko diren arren, ez dut uste nahikoa izango denik “defentsa”ko hobekuntzak adieraziko duena orekatzeko - hori eufemismo hori: defentsa! Zorpetze handiagoa – nork utziko du dirua?- liteke formula magikorako bidea. Ai ene,  gure bilobei geratu behar zaien panorama! Bizi guztirako zorrarekin… eta gainera derrigorrezko soldadutzara, baita neskak ere, noski, genero berdintasuna dela eta.

Eta aldi berean Eropako Ursula dator eta kit-a prestatzen joateko abisatzen digu. Esaten dut nik, bada: sustoetarako ere ez dugu irabazten! Eraso armatuaren balizko aukerari aurre egin behar diogu, eta badirudi azken hirurogeita hamar urteotan –Spaak eta besteek Europa politikoa erditzea erabaki zutenetik–  sortu dena munstro aseezina eta alferrikakoa baino ez denez, “kitetu” egin behar gara, beste erremediorik gabe.

Dagoeneko pentsatzen ari naiz zer prestatuko dudan, itxaroten gaituen behartutako konfinamenduan orduak luzeak egin ez dakizkidan. Ez dut xehetasunik emango, irakurleek niri kopiatu eta superrak kolapsatu ez ditzaten. Barregarria izango litzateke etsaien erasoak nire kiterako gaiak erosteko ilaran  txanda itxoiten harrapatzea!

Argazkia: SER

martxoa 24, 2025

FUNTZIONARIOAK


Gaurkoarekin ehun berri bati ekiten diot blog honetan...


Bihotz barrenean labankada bat jasan berri duen lagun batekin gosaldu dut gaur goizean: laneko nagusiak esan dio enpresan aritzeari utzi behar diola. Nire lagunak berrogeita hamalau urte ditu eta hogei zituenetik gizarte segurantzan kotizatzen ari da. Orain langabezia estatistikari gehituko dio bere zenbakiak. “Tristea da -esan zidan kafe ketsu baten aurrean - kalean nagoela, eta bitartean nire nagusi ohiaren emazteak eta semeak hilabete asko daramatzate gaixotasun bajan enpresa berean”

Absentismo tasak izugarri hazi dira lan munduaren etorkizuna oso argi ez duen gizartean. Lan-merkatuaren ikuspuntua argitzen den bitartean –hori inoiz gertatzen bada– badirudi gazteek funtzionaritza bidearen aldeko apustua egiten dutela. Joera argi baino argiagoa da. Hau da, “aita estatuak zainduko gaitu” Horixe da gehiengoaren pentsamendu isila… eta ez hain isila. Eta, noski, estatua beraientzat gainontzeko herritarrok gara, aurrekontuen zenbatekoa -haien soldatak barne- ogasunaren kutxarako gure derrigorrezko ekarpenarekin sustatu behar dugunok. Azpimarratzen dut badirela gazte asko direla horrela pentsatzen ez dutenak,  eta enplegu librearen mundu nahasiari erantzukizun osoz ekiten diotenak.

Bilakaera teknologikoak nora eramango gaituen ez dakigun bitartean, enpleguaren inguruko ziurgabetasuna hazi egingo da, lanpostuen lekualdatzeak eraginez... kontratazioaren prekarietatea dela-eta gero eta sektore gatazkatsuagoetara. Horregatik, gazteek, historiako prestakuntza mailarik altuenarekin, funtzionario izateko borrokatzen dute.

Argazkia: Ekain



martxoa 17, 2025

EZ GENUEN TEORIA ONGI IKASI

 


Ia derrigorrezko irakurketa izan zen gure gaztaroan. Unibertsitateko ikasle baten bizitza eroso eta bigunetik pentsatzen genuen mundua alda genezakeela. Oker zegoela uste genuena iraultzeko behar den indarra egiteko aukera emango ligukeen palankarik gabe geunden, baina egunen batean ahaleginean irabaziko genuenaren ideiarekin bizi ginen.

"Dimentsio bakarreko gizona" irakurtzen genuen eta gizon-emakumeak suntsipen-bideen ekoizpen baketsuaren menpe daudela dioen teoria onartu genuen. Marcusek ohartarazi zigun aurrerapen teknikoa, batez ere, menperatze-tresna bat dela, gizartea teknologikoki garatzen den heinean, garapenak irekitako ildotik baitoa pentsamendua. 

Hirurogeiko hamarkadan guru izan zenaren teoria sozial kritikoak gizonen ekintza edo produktu kultural oro abagune iragankortzat hartzea proposatzen zuen, gaur egungoaren kualitatiboki ezberdina den beste forma baterako etengabeko trantsizioan. Hau da, bilakaerak planteamendu berriak ekartzen ditu... eta gizakiak gizakiaren gainean duen menderatzeko modu berri bat. Argi esan zuen: teknologiak menderatu egiten du eta gizarte beharrak  behar indibidualetan eraldatzen ditu, gizabanakoa teknologia hori obeditzera bultzatuz. Gizakia "dimentsio bakarreko gizaki" bihurtuta amaitzen da, pentsamendu, askatasun eta arrazoibiderik gabe.

Ahaleginean irabaziko genuenaren ideiarekin bizi izan ginen.... baina oker geunden. Ez genuen, antza, Marcuseren teoria behar bezala ikasi. Edo ahaztu egin zaigu, zeharo.

martxoa 10, 2025

GARIZUMA, RAMADAN ETA BESTE


Nik uste dut adinean aurrera egin ahala, harridurarako ahalmena gero eta luzeagoa bihurtu zaidala bizitzaren arlo guztietan. Beharbada, zaintza pixka bat jaitsi dudala da gertatzen zaidana, gero eta ekarpen gutxiago egin baitiezaioket mundu honen etorkizunari, bestaldetik egunez egun zoroago ageri dena.

Duela egun batzuk Marco Rubio AEBko estatu idazkaria ikusi ahal izan genuen hedabideen aurrean bekokian gurutzea markatua, Garizumaren hasiera ematen duen asteazkenean errautsak jasotzera eliza batetik pasatu ostean, ziurrenik. “Hemen nago” predikatzen ei zuen kubatar jatorriko pertsonaiak, ene ikuspuntutik kristau-yoruba sinkretismoaren erakustaldi batean. Eskuinarekin lerrotu ez diren hedabideetan Rubio jaunaren jarrerari buruzko kritikak eta txantxak ez dira falta izan.

Orain dela gutxi ere Anoetan eten egin zuten bertakoen eta
ingelesen arteko partidua, zelaian zeuden zenbait futbolarik beren Jainkoari eskerrak aurkeztu ahal izateko, euren kredoak agindutako barauari amaiera emanez. Eta komunikabideek – denek- kazetaritza onaren ohiko asepsiarekin jaso zuten albistea, gertatutakoari buruzko kritikarik edo txantxarik sartu gabe. Mendietako gurutzeak suntsitzearen alde daudenen aldetik ere ez nuen inolako iritzirik ikusi. Bide batez, futbol zelaiko kasu honek frontoietan eguerdiko Angelusen desagerpena ekarri zidan gogora, garai hartan argudiatuta, besteak beste, jokoa moztuz gero pilotariak hoztu egiten zirela. A! Eta, badaezpada ere, bere Jainkoari otoitz egin nahi dionak - Marco Rubio edo goi mailako futbolistak badira ere-  horretarako ahalbidetutako tokietan egin behar duelakoan nago, bera bezala pentsatzen ez dutenak aztoratu gabe.

Bada, jaun-andreok, egunez egun frogatzen ari gara gizonak eta emakumeak oso animalia hipokritak garela, eta kasu bakoitzean egokiena zaigunaren arabera jarrera bat edo beste hartzen dugula. Horrek, eta hasieran esandakoaren kontraesana bada ere, ez ninduke batere harritu behar.

martxoa 03, 2025

FARMAZEUTIKAK

 


Hego Euskal Herrian egindako inkesta berri batek argi erakusten du 15 urtetik gorako herritarrok sendagaiak hartzeko joera dugula. Ez da ezer berria, adinagatik ikuspegi historiko zabalagoa dugunok gogoratzen baitugu ohitura hori errealitatea izan dela gure bizitzako aldi guztietan, intentsitate gehiago edo gutxiagorekin etapa bakoitzean, eta -zorroztasun zientifikorik gabe baieztatzen dut- etengabe hazten ari den joera dugu.

Sendagaiak hartzen ditugu, askotan beharragatik. Baina, gehienetan, modu induzituan medikatzen gara, eta telebistak etengabe ekartzen digun iragarki komertzial mordoari erreparatu besterik ez dugu, farmazialaria publizitatean gehien inbertitzen duen sektoreetako bat dela konturatzeko, eta ez, hain zuzen ere, gizateriaren osasun hoberenean interesatuta dagoelako, baizik eta bere finantza-emaitzen egoera onari begira lan egiten duelako, izan ere horregatik dago merkatuan.

2020ko krisiaren ondorioz, farmazia industriak botika berri eta eraginkorren ikerketan eta garapenean egindako inbertsioak erretiratu zituen, eta horrek gobernuaren esku-hartzea ekarri zuen momentuko beherakadaren ondoriozko zulotik ateratzen lagunduz. Eta goranzko martxa batean, farmazia konpainien kontuak berriro ondu ziren, irabazi lotsagarriekin.  Panorama globalari begiratu besterik ez dugu egin behar ziurtatzeko farmazia-enpresek behin eta berriz azpimarratzen dutela irabazi handiak behar dituztela berrikuntzan eta I+Gan inbertitu ahal izateko. Hala ere, hasieran esan bezala, gehiago gastatzen dute arlo komertzialean eta marketinean, ez aipatzearren borondateak erosten xahututakoa.

Duela urte batzuk Mugarik Gabeko Medikuen txosten batean irakur zitekeen farmazia-enpresa batek sendagai berri baten ikerketaren kostua 1.000 milioi eurokoa dela dioenean, erraz hazten ari direla zifra hamar aldiz. Eta gero derrigorrezko galdera datorkigu: inbertitutako dirua ez al da gehienbat funts publikoetatik ateratzen? Unibertsitateetako ikerkuntza, gobernuaren  berarena, onura fiskalak... kontuan hartzen al dira enpresa hauen irabazi-egarria murrizteko? Patenteak farmazia enpresaren izenean erregistratzen dira. Nork jartzen du ordena sektore honetan? Non daude sendagai generikoak?

Automedikazioari buruzko inkesta bat aipatzen hasi naiz eta berriro diot pertsonok oso inpresionagarriak garela, batez ere geure osasunari dagokionez. Eta farmazia industriak asko daki horri buruz.

Argazkia: BBC

otsaila 24, 2025

KONTRAESANA GARA


Kontraesanen artean bizitzera ohituta dago gizakia. Ez da ezer berri gure artean teorikoki defendatutako jarrera praktikan kontzienteki hausten dugula. Ez gara ehuneko ehunean koherente gure postulatuekin eta bizitza bera kontraesana dela aldarrikatzen duen baieztapenetik oso hurbil gaudela frogatzen da behin eta berriz. Geu gara hori .

Uste dut egungo errealitatea aurreko adierazpenak inoiz iritsi ez diren maila batean jartzen ari dela. Kontraesan etengabe eta arriskutsuan bizi gara, eta halako egoera baten ertz zorrotzek hain distantzia laburrean igarotzean, gutxien uste dugula erdibi gaitzakete, oharkabez.

Monedero, Errejon kasuak -gure artean aireratuenak aipatzearren- Alice Weidel Alemaniako eskuin muturreko hautagaiarena, Elon Muskenen alabaren ingurukoa, Milei motozerradun iruzurtiarena, Trump kalifikaezinarena, egun batean zerbait asmatzen duena, hurrengo egunean mehatxatzen diguna, hurrengo egunean zoriondu eta abar. Elizako ataletan edo/eta gainerako hilkorron bizitza arruntean ez sartzeagatik, noski.

Norberaren kontraesana gure ingurukoenei gehitzen badiegu, ondorio bakar batera iristen gara, hots, bizitza bera kontrajartzen dela uneoro.

Argazkia: Ekain

otsaila 17, 2025

INBUTUA ERABILIZ


Duela hamar urte esan izan balidate inbutu txiki bat emango zidatela ingurumena zaintzeko nire konpromisoa salbatzen saiatzeko, barre algaraka egingo nuen. Barrez lehertuko nintzen, ohituta geunden moduan egonda –edo hori uste nuen– norberarengandik hasten den eta inguratzen gaituen natura errespetatzera.

Ez dakit guztiz oker nengoen edo kontzientziazio prozesua atzerakoia izan den eta ikuspegi ekologikoaren a-e-i-o-u-ra itzuli garen. Egia baita inbutu bat oparitu didatela, eta horrek -diotenaren arabera- planeta salbatzeko kontzientzia pizten lagunduko ei dit. Eta berriro barrez kizkurtu naiz... baina oraingoan mingostasunez.

Gure agintariek uste badute ekimen honekin ingurumenari begirune aurkezteko dugun betebeharra hobetuko dugula... arrazoia izan dezatela espero dut. Modu jauzilari batean pentsatzen duen batek urrutiko bulegoan hartutako erabakia bada, ordea, ez dut barre egiten; ilundu egiten zait gogoa eta amorruak gainezkatzen nau. Eta ematen dit azken boladan aplikatzen ari den politika -nolabait esatearren- hortik doala, inbutua erabilita errazago irentsi dezagun.

otsaila 10, 2025

GUANTANAMO, MON AMOUR


Gainean ari zaigun hondamendi global berri honetan, ongizatearen gizartetik geratzen zitzaigun apurra desegiteaz haratago nora eramaten gaituen inork ez dakien estrategia geopolitiko batekin, galdetu egin genezake Trump jaunak ezarritako zirkuak ote duen lekurik bururik gabeko funambulista edota kolore anitzeko pailazo gehiagorentzat.

Egiaztapena da hondamendi naturalen ondoren, biktimekiko elkartasun materialaren mugimenduak sortzen direla, hamaika kasutan kaltetutako eremuetako nagusien poltsikoetan amaitzen dutenak. Oraingo zirkuko jabearen emanaldiaren ostean, lider ilehoriari eskua luzatzeko prest dauden herrialdeen elkarlanerako deialdiak izan dira, esaterako El Salvadorrek. Zeren truke? Jakina, denak du bere prezioa.

Eta hori gutxi balitz, Etxe Zuriko maizterraren aurrerako ihes egitean Guantanamoko bidea agertzen da. Aukera izugarri ona Trumpentzat: etorkinak bidaltzen ditu uhartera, arazo bat kentzen du gainetik... eta, zirkuko magia bezala, egun batean Guantanamoko espetxea ireki eta milaka iheslari Kuban zehar hedatzen dira. Trumpek dagoeneko bere gizonak ditu Habanan! Orduan Kubako resort prestatzen has liteke, Gazakoarekin amaitu ondoren. Ez da broma.

Argazkia:  huffingtonpost.es

otsaila 03, 2025

SABEN AQUELL QUE DIU…?


Igarlearengana joaten den batek atea jotzen du eta barrundik datorren "Nor da?" entzuten du atez bestaldetik.  “Arraio!  Ederto hasten gara!”  etorri berriak bere bururako.

Horren gisako zerbait etorri zitzaidan burura adimen artifiziala dela eta, txinatar eta amerikarren artean berriki gertatutakoa irakurri nuenean. Pentsakor geratu nintzen, ez hainbeste Nvidiak bat-batean seiehun mila milioi dolar inguru galdu dituela adierazten zitzaigulako, baizik eta amerikar adimen artifizial guztia gorabehera, txinatarrek ipurdia airean utzi dutelako, ondo utzi ere. Hainbeste AA, eta nora zeuden begira amerikarrak?

Ipar Amerikako erraldoia dardarka ikustea pozten nauen zerbait da, eta nork daki ez ote den yanki harroputzen orbitan ez dagoen guztiaren kontrako jarrera harro, likidazionista eta eskrupulurik gabeko baten amaieraren hasiera.

Baina inozo izateari aspaldi utzi nion eta ez naiz «komunista» begi urratuez fidatzen, beren izpiritu inperialista argi eta garbi erakutsi baitute.

Argazkia: https://www.britannica.com/technology/artificial-intelligence

urtarrila 27, 2025

HERMINIARI ITXOITEN


Herminiaren zain pasatu zait igandea. Ez da bera agertzeko interes berezirik izan nuela, baina hain luze iragarri zuten haren etorrera, ia-ia ordu erdiro burua leihotik ateratzen nuela, badaezpada, mendebaldetik ei zetorren aipatutako andre edo andereñoaren arrastoren bat ikusten ote nuen. Ez dut esango aurreikuspenen aldetik erabateko porrota izan denik, baina ez du lortu iragarritako gutxiena ere estaltzea.

Duela urte asko beste Herminia bat ezagutu nuen, bien arteko distantzia definitzaileak gaindituz noski, izen horren ekaitza gogorarazi didana. Lankideak ginen eta bere betebeharra fabrikako lanpostu ezberdinetako aginduak, jakinarazpenak eta dokumentazioa batetik bestera eramatea zen. Ibilbide ia finkoa zuen eta gutxi gorabehera bagenekien noiz agertu behar zen gure tokian. Egia esatera, hori teoria hutsean zen, errealitatean ez baitzuen ia inoiz aurreikusitako ordutegia betetzen. Bidean galdu egiten zen. Baina iristen zenean bere irribarrerik onena eskaintzen zizun... eta  hori bakarrik nahikoa zen bere atzerapena barkatzeko. Erretiroa hartu zuenean konturatu ginen zein garrantzitsua zen Herminia... ez hainbeste negozioaren emaitza ekonomikoan eragin zuzena zuelako baizik eta guk enpresari eskainitako gure denbora alaitzeagatik.

Nik behintzat igandea erdi distraitua eman dut Herminiari itxoiten. Gutxi ez dena, igandeak betidanik aspergarri samarrak gertatu baitzaizkit. Eta azkenean iristen bada, egin dezala zuhurki. Haizea badakar eta euria deskargatu behar badu, egin dezala jarrera positiboarekin. Guztiontzat ona izango da... batez ere ozeanoaz haratago mendebaldean gauzak nola dauden ikusita.


urtarrila 20, 2025

ESKUIN MUTURREKO OLDARRA


Uko egin diot mehatxu hilgarri baten antzera ibiltzen gaituen olatuaz idazteari. Beste alde batera begiratu nahi izan dut,  arriskua aipatu gabe agian gure bizitzara agertu zen lehen momentutik heldu ninduen antsietatea saihestuko nuela pentsatuz. Baina ezin dut gehiago jasan eta mundua murgilduta dagoen eromen lasterketa honi bi lerro eskaintzera behartuta nago, duela urte batzuk imajinaezinak nituen protagonistak salatu eta deitoratzeko eta espezie gisa gizakia unibertsoko errore bat besterik ez dela berresteko.

Gizateriari oraindik geratzen zitzaion zentzu apurra suntsitu egin du, mundu justuago eta orekatuago baten itxaropenean altxatutako eraikin ahularen oinarriari erasotzen dion tsunami suntsigarri batek. Buru gaixoek hartu dute marrazoz jositako itsaso ekaiztsuan nabigatzen saiatzeko oraindik gai zen belaontzi ahularen lema. Eta hori guztia gizarte alienatu eta itsu baten onespenarekin gertatzen ari da, bere borreroa txalotzeko prest dena.

Hainbeste ergelkeriaren aurrean amore emateari uko egiten diodan arren, gizateriaren baitatik sentimendu emozionalaren arrasto oro ezabatuko duen historia-orrialde bat idazten ari dela iruditzen zait. Arrazoimenaren indarraren erabateko porrota ekarriko duen ziklo berri baten ateetan gaude. Iluntasuna, morrontza, esklabutza.


urtarrila 13, 2025

ELKARRI BEGIRATZEAREN BIDEZ

 


Esaten dute ez dagoela zer eginik; kanoiek jasminak suntsituko dituztela eta gorrotoa den lekuan konkordiorako deiak ezer gutxi egin dezakeela. Ez dut idatzi maitasuna baizik eta konkordia, giza jokabideko urrats baxuagoa, ez oso zabala, zoritxarrez. Eta ez dut interes ekonomikoen korapilo gantzutua aipatu nahi, irteerarik gabeko egiazko labirinto baita, non ezkerra eskuinarekin gurutzatzen den, zuri garbiak azal iluna dutenekin, ekialdekoak mendebaldekoekin: jokamolde higuingarriaren eragile zuzenen joko-eremua.

Konponbidea elkarri begiratzearen bidez, errespetuaren bidez, pertsonen eskubideak gure bizitzaren ardatz bilakatuz lortuko litzateke. Ahalerazko aditzean idatzi dut, gure etorkizunean zalantza itzal handia sortzen duena. Ez daukat konponbide geopolitikorik Gazarako, ezta beste edozein gatazkarentzat —ezta nire kalean gerta daitekeenarentzat ere—, baina armek ez dute inoiz gorrotoa konpondu. Giza borondateen elkartzerik (ez da derrigorrez bat egin behar) ez badago, giza arraza honek porrot egin du, eta zigorra merezi dugu.

urtarrila 06, 2025

BALANTZE HERRENAK


Printzipioz, balantze batek orekatu egin behar du. Elementu osagarria galera edo irabazia izango da, eta bere onerpenerako ezin izango da inoiz balantze desorekaturik aurkeztu. Hala izan da behintzat milurtekotan, nazioarteko kontabilitate estandarrei eta logika hutsari jarraituz.

Gaur egungo uneetatik abiatuta, panorama globalaren ezezagunez betetako eszenatoki batekin, dudarik gabe ordena berri bat bultzatuko duten iragarpen sozial ilunekin, giza balioak itxuraz aldatzeraino iritsiz jatorrizko esannahia bera ahaztuerazita, iraulia dator, aldaketa sakona. Balantze tradizionalak ere zentzua aldatuko duela iruditzen zait. Eta batzuek txalotzen eta besteek gaitzesten duten tresna subjektiboa bihur liteke, une eta egoera bakoitzean egokitzen zaien moduan. Balantzea neutrala izateari utziko dio.

Halako ikuspuntu kontrajarriak gizarte-ehuneko eremu guztietan, non zuria erraz etiketa daitekeen beltz, eta zarata isiltasun harmoniatsuaren gainetik gailentzen den, balantzeak herren aurkez litezke, desoreka gure buruan bakarrik dagoela argudiatuta eta eroetxeko gai garela gehituz.

Kasu horretara ailegatuta, nahiago dut, indar-txalekoan preso egotea, gizateria ergeltzea helburu dutenen aurrean burua makurtzea baino.

Argazkia: Ekain