Duela egun batzuk ordenaren, agintearen eta boterearen aplikazioaren perspektiba aldaketari buruzko hausnarketa bat irakurri nuen. Egilearen tesia egoki eta zuzena iruditu zitzaidan: gure pentsamoldearen eta bizitzarenganako erreferentzia gisa ezkerra eta eskuina bereiztera eraman gaituen ikuspegia galtzen ari gara. Lerro hauek irakurriko dituzten gehienak borondate politiko eta soziala adierazten duen ardatzaren ezkerrera edo eskuinera kokatuko dira. Alde aldatzeak - mugimendu horizontala edozein dela ere - antzeko ahalegin pertsonala eskatzen du.
Egileak proposatzen zuen teoria da perspektiba bertikala existitzen dela eta betidanik egon dela. Eta hark zioenez, gizartean gero eta errotuago dagoen errealitatea da ikuspegi bertikalari dagokiona, eta bertatik goranzko edo beheranzko arauak, agintea eta boterea antzematen dira. Historian gutxitan eman da goranzko ikuspegia. Beheko mailetatik datorren eta goialdera igotzen dena beheranzko mugimendua baino askoz ere txikiagoa izan da. Beheranzko boterearen adibideak ditugun dinastia monarkikoak eta hierarkia erlijiosoak gogoratzea besterik ez dago eta, egungo egoerari erreparatuz, etorkizun hurbileko argazkia antzeman genezakeela zioen egileak.
Teoriak beti teoria, ziur dirudiena da, ordea, laster gizartearen gidaritza hartzera deitua izango den belaunaldia ez dagoela oso prest goranzko ikuspegiari heltzeko. Frogatuta dago jarrera horrek askoz esfortzu, konpromiso eta ardura handiagoa eskatzen duela. Eta ez da, hain justu, gorantz begiratu behar duten mailetan soberan den ezaugarria. Askoz erosoagoa da gorantz ez begiratzea, handik datorkiguna ez ikusteko.
Argazkia: freepik
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina