urria 28, 2019

FIKZIO-ERREALITATEAN MURGILTZEN GARA


Banoa ulertzen, gutxi gora behera, zenbait pertsonaren buru-mekanismoaren nondik norakoa, datozen hauteskundeei begira. Osotasunean konprenitzea ezina bada ere gizaki horien joko zalantzagarri bezain deitoragarriak bide batzuk eskaintzen ditu ikerketan ez galtzeko, eta nork ondorioak -ez hain zalantzazkoak- atera ditzake ikertuen jarrerak sarrera bikoitzeko taula batera jaso ondoren. 


Ez diozula igartzen, irakurle preziatua, aurrekoarekin nora nahi dudan joan? Lasai, ahaleginduko naiz mezua argitzen! Badaukat, dena den, abantaila txiki bat zurekiko: idazten hasi naizeneko subjektu pasiboak ondo finkatuta nituen nire baitan. Orain pistatxo bat emango dizut: hartu azaroko hauteskundeetara “salbapatrias” moduan aurkezten direnak. Orain bai?... Ezetz oraindik? Begira, alderatu bi zutabetako lauki batean apirileko hauteskundeetan pertsonaia horiek ziotena eta datozenetarako bakoitzak agintzen duena. Orain samurrago, ezta?

Ezker eta eskuineko muturrak muturkerietan zintzilik, zentrokideei suposatzen zitzaien ahalmen handiagoa gobernu-lema eskuratu eta hiritarrok kai aproposera eramateko. Baina ematen du ez dakitela nola askatzen korapiloa, eta are txarrago oraindik, ez dutela askatzeko bat ere gogorik. Ezagutzen al duzu mundu aldrebeseko ipuina? Poliziak lapurrek atxilotzen dituzte, arrantza-ontzietan baserritarrak enbarkatzen dira eta suhiltzaileek etxeak erretzen dituzte. Gidatzen gaituen politiko kasta honek, agintera heltzen denean, gu gizagaixook zukutzen gaituzte… gure botoari esker. Baina poltsikora eraman dezaketen diru apurraz gain, politikan ez dute tipo horiek zer irabazi, eszenategi faltsuko harien muturra dutenak baitira agintariak, eta politikoak panpina hutsak. Eta fikzio-errealitate horretan mugitzen gara etengabe. Orain bai? Ulergarri samarra, ezta?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina